Igandean, eguraldi sargoriarekin, ospatu zuten beratarrek beraien egun handia, San Esteban eguna. Goizean goiz, txistulari taldea eta Ezpelur gaiteroak aritu ziren argi soinuak jotzen karrikaz karrika. Goizeko 10:30ak aldera, Udalbatza, txistulariak eta makil dantzariak, Berako bandera aitzinean zutela, Herriko Etxetik San Esteban elizara abiatu ziren, Berako abesbatzak lagundurik eman zen Meza Nagusira. Udalbatzaren buru, Josu Iratzoki alkatea joan zen eta berekin batera, talde ezberdinetako udal ordezkariak. Rafa Etxeberriak eraman zuen herriko ikurra eta Marisol Tabernak eta Paula Artiedak alabardak. Luis Aizpuru herriko erretorearekin batera, azken 30 urteetan Algerian bizi den Felix Telletxea etxalartarrak eman zuen meza.
Bi kapitainek aurreskua aldare ondoan
Dantzari taldeko bi kapitainek, Ibai Iturriak eta Aitor Erdozainek aurreskua dantzatu zuten aldare ondoan.
Ondotik, ohikoa denez, makil dantza eta bordon dantza eskaini zuten dantzariek. Baina talde nagusiak eskainitako dantzekin batera, ttikienen taldeek Mitzeltene, Mutildantza, Hiru Txito eta zagidantza ere eskaini zuten, txistulari taldearen doinuekin.
Segidan, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira kantari.
Kafea nesken kapitainaren etxean
Arratsaldean, Berako Aurreskua ere dantzatu zuten herriko plazan, baina hori baino lehen, egitarau ofizialean ageri ez den arren, aspaldiko urteetan ohitura bilakatu dena bete zuten mutil dantzarien kapitainek eta nesken taldeak. Hain zuzen, bazkal ondotik, kapitainek neska kapitainaren etxera jo zuten, neska dantzari taldearen bila. Aurten, Gurutze Andueza izan da nesken kapitaina eta Agerrara joan ziren Ibai Iturria eta Aitor Erdozain. Bertan, neska taldearekin batera kafea eta kafe ondokoak hartu zituzten, frexkuran.
Gurutze Anduezak eta Aitor Erdozainek ohitura honen eta San Esteban bestetan dantzariek izaten dituzten lanen berri eman ziguten.
Baina dantzariek kafea eta sorbeteak gustora hartzeko lanean jotasu aritu behar izan zuen Bittori Ostolaitzek, Gurutzeren amak. Halere, gustora hartzen den lana dela aipatu zigun.
Arratsaldeko dantzak plazan
Beraz, bi kapitainen eskutik Agerratik Etxeko Plazarako bidea egin zuten dantza taldeko neskek eta bertan zain zituzten mutilak, arratsaldeko dantzei ekiteko.
Aitor Erdozainen aurreskua eskaini zion Gurutze Anduezari eta bertze horrenbertze egin zuen Ibai Iturriak Maitane Erdozainekin.
Dantzarien saioaren ondotik, Berako udal musika bandaren txanda izan zen. Baina ez zen banden ohiko kontzertua izan, musika aditzeaz gain, plazan bildutakoek kantatzeko aukera ere izan baitzuten.
Bertze ekitaldiak
Arratsean, Euskal errepresaliatu politikoen aldeko elkartasun kalejira abiatu zen Mukixu zubitik eta senitartekoen omenaldi elkarretaratzea egin zenAltzateko Plazan. Gainera, dantza herrikoiak izan ziren Altzate karrikan eta gauerdian su artifizialak ikusteko aukera ere izan zen.