Berako Zig Zag elkarteak bigarren urtez antolatutako Moto Trial proba larunbat honetan, ekainaren 7an jokatuko da Ibardinen, arratsaldeko 15:30etik aitzinera.
60 moto gidari baino gehiago
Aitor Irazoki antolatzaileak aipatu digunez, iaz 60 bat moto gidarik parte hartu zuen proba honetan eta aurten marka hori gainditzea espero dute. Izan ere, iaz Nafarroako txapelketarako baliagarria zen proba hau. Baina Federazioak Berakoa iazko Nafarroako trialik onena izan zela iritzia, kategoria bat gehiago ematea erabaki du aurten. Honela, Espainiako Iparraldeko sektoreko txapelketarako baliagarria izanen da aurten Berako Moto Trial proba. Honela, Nafarroa eta Euskal Herriko bertze probintzietako moto gidariekin batera, Kantabria, Asturias, Errioxa eta Aragoikoak ere espero dira. Beraz, 60 gidariren muga hori ere gainditzea espero dute. Inguruko gidari aunitz ez da izanen. Iaz Aitor Irazoki eta Luis Mari Oses beratarrak aritu ziren. Aurten, Luis Mariren semea, Xabi Oses ariko da.
Miguel Angel Jimenezen erakustaldia
Aitor Irazokik aipatu digunez, bederatzi zona ezberdin egokituko dituzte Ibardinen eta bakotzean lau maila ezberdin izanen dira, moto gidarien trebetasunaren arabera. Proba honetan parte hartzeko federatua izatea nahitaezkoa da. Arratsaldeko 15:30etan hasita lau bat ordu iraunen du konpetizioak. Ondotik, berendua eskainiko dute antolatzaileek eta Miguel Angel Jimenezek erakustaldia eginen du. Miguel Angel Jimenezek Espainiako txapelketako bi proba irabazi ditu aurten senior B kategorian, moto trialean nahiz quadean. Beraz, ikuskizuna segurtatua dago larunbat arratsaldean Beran, Ibardinen.