• Miguel Solano kirolari beratarrak, Liga Norte izeneko txapelketa irabazi du parapentean.
• Txapelketa honek, Euskal Herrian, Burgosen edo Segovian egiten diren zortzi proba biltzen ditu eta horietatik hirutan irabazle eta bertze batean bigarren izan da Solano.
• Duela hamar urte hasi zen parapentean ibiltzen ikasten herriko lagunekin batera, Irunen Ibargoienekin. Bere ustez ez da prestakuntza fisikoa handia eskatzen duen kirola, hori bai «ordu aunitz sartu behar dituzu».
Martxoan hasi zuen parapente konpetizio denboraldia Miguel Solano beratarrak eta Arangoitin bi proba eta Burgosko Oñan irabazi du. Segovian bigarren izan zen. Emaitza hauek eta bertze probetako sailkapenak kontuan hartuta, Liga Norte delakoa irabazi du, bere lehenbiziko garaipen handia. «Denboraldia akautzeko modu ederra izan da» erran digu Solanok.
Duela hamar urte hasi zen beratarra parapentean. Herriko lagun batzuekin ikastaroa egin zuen Irunen Ibargoien irakaslearen eskutik.«Hegan egiteko ametsa egia bihurtua ikusi nuen, haizearen soinua, askatasun sentsazio betekorra eskaintzen dit parapenteak». Lehenbiziko saltoa bakar-bakarrik egin zuela gogoan du, «irrati bidezko walkie-talkie baten laguntza hutsarekin».
Pixkanaka konpetizio munduan murgildu zen eta lehen aldiz Espainiako txapelketan parte hartu zuenean, Cadizen, 40. postua eskuratu zuen. Geroztik, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan hirugarren izana da, Portugaleko txapelketan zazpigarren eta Europako txapelketan, Munduko Kopan bi aldiz edo British Openean bezalako proba garrantzitsuetan parte hartua da.
«Arauak beteta ez da arazorik»
Parapenteak ibiltzeak ez duela zailtasunik uste du Berako gazteak. «Manejatzeko erraza da, bi freno, azeleradorea eta gorputzarekin lagundu… Hori bai, metereologia pixko bat jakin behar duzu, non eta noiz ibiltzen ahal zaren, haizeak nondik nora jotzen duen eta horretarako urteak behar dira». Kirola ezagutzen ez duten aunitzek erotzat dituzte parapente jauzilariak, baina gehienek zentzuz jokatzen dutela aipatu digu Solanok: «Gozatzeko hegatzen gara, ongi pasatzeko, beldurra pasatzea ez zaigu inori gustatzen. Horregatik, haizea zakartzen denean berehala lur hartzen dugu». Parapentean ibiltzeko belak 2.000 euro balio du eta Solanok bakarra dauka. «Dena bezala, kapritxo gisara erosten baduzu garestia da, baina erabiltzen baduzu, ez da dirua». Prestakuntza berezirik ere ez da behar, «hori bai, orduak sartu behar dira».
Hainbertze probatan parte hartu ondotik ez du inoiz istripurik izan Solanok. «Arauak betez gero ez da arazorik izaten, parapentean ibiltzeak jendeak uste baino arrisku guttiago du».Baina parapente denboraldia akautu bezain abudo baja hartu behar izan du. Zergatik eta lanean kamioitik erorita besoan min hartu duelako. Beraz, non dago arriskua?