Larunbatean hasiera eman zitzaion Nafarroako Herriz Herri txapelketari.
Larunbateko saioa lehena izan zen eta Berako Altzate plazan jokatu zen arratsaldeko 19:30etik goiti.
Aurtengo Herriz Herri txapelketan kategoria bakarra izan da eta bertan Berriozar, Garralda, Igantzi, Gure Txokoa eta Basaburua taldeak bi konbinadetan lehiatzen dira. Lehenengo konbinadan koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana sartzen dira eta bigarren konbinadan, harri jasotzea, txinga erutea eta ingude altxatzea.
Lehen konbinadan lau jardunaldi eta finala jokatuko dira. Talde bakoitzak jardunaldi batean atseden hartuko du. Jardunaldietako 3 talde onenak finalera pasako dira. Azken bi sailkatuak final egunean 4. eta 5. postuetarako lehiatuko dira.
Bigarren konbinadan liga sistema erabiliko da. Talde bakoitzak jokaturiko lau jardunaldietako denborak batuko dira.
Lehen konbinadan 15 koxkor bildu behar izaten dituzte kirolariek, 2 zakularik 40 kiloko zakua bizkarrean dutela bi itzuli egiten dituzte, hau da, 80 metro, aizkolariak 45 ontzako enbor bat ebaki behar izaten du eta arpanarekin korte bat zutik eta 2 etzanda eman behar izaten diote metro bateko enborrari. Kirolariek hirutan errepikatu behar izaten dituzte froga guztiak.
Honela geratu zen sailkapena, kontutan hartuz Igantzik atseden hartu zuela:
1. Berriozar 20:25
2. Garralda 24:23
3. Basaburua 24:44
4. Gure Txokoa 24:45
Bigarren konbinadan 50 kiloko harria 15 aldiz goratu behar dute parte hartzaileek, ahalik eta denbora gutxienean.
1. Gure Txokoa (Javier Galarregi) 38 segundo 45 ehuneneko
2. Garralda 42 segundo 57 ehuneneko
3. Basaburua (Asier Maritorena) 45 segundo 38 ehuneneko
4. Berriozar 52 segundo 31 ehuneneko
Ingudeak 18 kilo pisatzen ditu eta 60 aldiz goratu behar dute
1. Gure Txokoa (Igor Lasaga) 1:03:77
2. Berriozar 1:08:58
3. Garralda 1:09:67
4. Basaburua (Xabier Maritorena) 1:16:73
Txinga eruten, 50 kiloko txingekin 28 metroko 6 plaza egin behar dituzte.
1. Gure Txokoa (Joseba Petrirena) 1:00:89
2. Basaburua (Andoni Irigoien) 1:05:95
3. Garralda 1:12:89
4. Berriozar 1:23:91
Bigarren konbinadako froga guztiak aintzat hartuz, honela geratu zen sailkapena:
1. Gure Txokoa 2:43:11
2. Garralda 3:05:13
3. Basaburua 3:08:06
4. Berriozar 3:24:80
Gogoratu, Nafarroako Herriz herri txapelketako bigarren jardunaldia larunbatean, abuztuaren 4ean Elizondon jokatuko dela arratsaldeko 19.30etik aurrera. Elizondoko jardunaldian Berriozar, Garralda eta Igantziko taldeak ariko dira. Basaburua eta Gure Txokoak atseden hartuko dute.
Bertzalde, igandean Nafarroako koxkor biltze txapelketa egin zen Garesen. Txapelketa honetan 4 kirolarik hartu dute parte: Berriozarko Iñaki Ekisoain eta Josu Jomenezek, Igantziko Patxi Irazokik eta Etxalarko Iñigo Lasagak.
Fernando Etxegarai beratarra txapelketa honetan aritzekoa zen, baina azkenean ez da lehiatu.
Koxkor biltzaile bakoitzak 1,25 metrotara jarritako 50 koxkor bildu zituen 2 ilaretan jarriak.
1. Josu Jimenez 6:11:58
2. Patxi Irazoki 6:13:74
3. Iñaki Ekisoain 6:27:67
4. Iñigo Lasaga 7:01:43
Txapelketa bukatzerakoan, hainbat erakustaldi ikus ahal izan ziren: lasto altxatzea, lasto botatzea, ingude altxatzea, txinga erutea eta zerratokia. Jaialdiari amaiera emateko Garesko haurren arteko 1.go koxkor biltze txapelketa ospatu zen.