Sagrario Goñi beratarrak “Nafarroako Erreinua” saria eskuratuko du heldu den apirilean Iruñean ospatuko den ekitaldi ofizialean. Olaseneko Bordako Etxeko andrearekin batera, bertze 5 erakundeek eskuratuko dute sari berdina, Iruñeko Udalak, Nafarroako Ostalaritzako enpresarien elkarteak, Tuterako Orden del Volatinek, Tuterako 33 jatetxeak eta Turismo Enologikoaren Agentzia Entre Vinosek. Sari hauekin eskertu nahi dira turismoaren arloa garatzen lagundu duten pertsonak edo erakundeak.
Sagrariok, 1995ean, Olaseneko Borda, familiako etxea, landetxe bihurtu zuen. 4 urte beranduago Hiruak Bat Landetxeen elkarteko presidentzia hartu zuen. Gaur egun, Nafarroako Erakunde eta Elkarte Turistikoen Federazioko presidentea ere bada, eta horretaz gain, Asetur eta Nafarroako Turismo kontseiluko kidea. Kontuan hartuz landetxea berak kudeatzen duela txapel guzi hauekin lasai egoteko asti gutti izanen du.