Berako Labiaga ikastolan ilusioz eta gogoz gainezka daude. Urriaren 16an jaso zuten hurrengo urteko Nafarroa oinez prestatzeko lekukoa eta lan horri ekin diote dagoeneko: leloa eta logotipoa aukeratu, eta jendaurrean aurkeztu dituzte, azaroaren 15ean Iruñean, Nafarroako Ikastolen Federazioko egoitzan, azaroaren 18an Berako Kultur Etxean eta azaroaren 23an Lesakan.“Baietz oraingoan!” hautatu dute lelotzat, ikastola behingoz bere etorkizunaren jabe izanen dela ziur direlako ikastetxeko arduradunak; iruditzat, berriz, Kukuxumusu etxekoek egindako marrazkia. Gainditu behar izan dituzten oztopoak eta bidean bota duten izerdia islatu nahi izan dituzte logotipoan. Labiaga ikastolako etxola ezartzen dizkioten oztopoen gainetik, ur zirimolaren gainetik ageri da eta hori lortzeko, alboetan ageri diren izerdi tantak beharrezkoak dira.
2006ko Nafarroa Oinez antolatu ahal izateko ere izerdia bota beharko dutela argi dute Maider Senper eta Iñaki Castillok, Labiaga ikastolako zuzendari eta gurasoen kooperatibako presidenteak, baina erronkari aurre egiteko prest dira.
1974an ekin zion Berako ikastolak bideari, Herriko Etxeak utzitako gela batean. Patiorik ez zutenez, plazan eta elizako eskaileretan aritzen ziren jostetan lehen promozioko ikasle haiek. Zazpi urte Herriko Etxean eman ondotik, Artzapezpikutzak utzitako Lagun Etxera joan ziren ikasle eta irakasleak. Altzateko egoitza berria izan zen hurrengo urratsa, eta azkena, Eztegarako zentroa, 1994ko Oinez-i esker egin ahal izan zutena.
«DBH egoera alegalean»
Altzateko eta Eztegarako egoitzak ditu gaur egun Labiagak eta 200 ikasle baino gehiago. 1994. urtera arte ziklo guztiak legeztatuta zeuden ikastolan, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ezarri zutenetik, ziklo hori legearen babesik gabe gelditu zen. “Ondorioz, hitzarmenik eta dirulaguntzarik gabe gaude, egoera alegalean –dio Maider Senper zuzendariak– eta gurasoek hartu behar izan dute inbertsioen ardura bere gain”. 900.000 euro gastatu zituen Labiaga ikastolak Eztegarako ikastetxe berria egiteko. Gurasoek ere, 2.260.000 euro ordaindu behar izan dituzte DBHk aurrera egin zezan hameka urte hauetan.
Nafarroa Oinez bestarekin, beraz, ikastolaren egoera ekonomikoa hobetu nahi dute ikastolako kideek, “oraingo zama arintzeko”. Gaur egun 96 ikasle ditu Labiagak DBHn eta Nafarroako Gobernuak dirulaguntzarik ematen ez duenez, ikastolako gurasoek ordaintzen dute sakelatik seme-alaben hezkuntzaren kostua. Patxi Castillok aurkezpenean erran zuen bezala, «hamar urteko lanaren ondotik, gure etorkizuna erabakitzeko garaia ailegatu da eta lortuko dugula badakigu, beraz, Baietz oraingoan!».
Hori dena lortzeko dagoeneko 200 lagun baino gehiago lanean hasiak dira Beran, batzorde ezberdinak osatuz: urte osoan eginen diren ekitaldiak antolatzen dituen batzordea, komunikazioa, patrozinioa, ibilbidea eta aparkalekuak, osasuna, materiala… «Lana egin nahi duen jende guzia ongietorria izanen da, argi eta garbi!».
Oraindik ibilbidea nondik izanen den erabat zehaztu gabe dago, batez ere jende guziak aisa egiteko modukoa egin behar baita. Aparkalekuen arazoa ere hor dago: «1994an Oinez Beran egin zenean, Agerra eta Alkaiagan belagi haundiak genituen, orain industrialdea eta etxebizitzak daude, baina moldatuko dugu!».