2024 hasmentan abiatu zuten Bidenabar taldea Ane Fagoaga eta Malen Alzuart erratzuarrek eta Kattalin Arizmendi elizondoarrak. Azaldu dutenez, Anek eta Malenek kontzertua eman zuten Erratzuko kanpinean, Kattalin publikoan zegoen bitartean; «orduan haiekin kantatzeko proposatu zidaten eta elkarrekin entseatzen hasi ginen. Txokoton eman genuen lehenbiziko kontzertua eta nahiko desastre izan zen, Ane gaizki zegoen eta Kattalinek eta Malenek bakarrik kantatu genuen». Geroztik plazaz plaza ibili da hirukotea, gitarraz lagunduta, kanten bertsioak egiten. Aurtengo azaroan, ordea, pauso bat gehiago eman du taldeak eta kanta propioak sortuta, lehenbiziko diskoa argitararu du, Bidenabar.
Disko bat grabatzera ailegatuko zinetela pentsatzen zenuten?
Helburu zehatzik gabe abiatu genuen taldea, ez ginen horri buruz solastatu. Hasieran ez genuen horrelako harreman esturik gure artean, eta elkar ezagutzen hasi ginen. Gustura kantatzen genuen elkarrekin, gure gustuko kanten bertsioak eginez, eta kontzertuak eman ahal izatea jada nahiko pauso handia zen guretako.
Nola erabakitzen zenuten zein kantaren bertsioak egin?
Alde batetik, garrantzia handia eman diogu beti hizkuntzari; gaztelaniaz eta ingelesez kantaren bat egin badugu ere, euskaraz izan dira gehienak. Bertzetik, hiruron gustuak kontuan hartzen saiatzen gara. Erreferente gisa izan ditugu Faneka, Las Nietas del Charli, Benito Lertxundi… eta orokorrean, euskal kantugintzako ondare diren abestiak. Elkarri proposamenak egiten genizkion, proba egin, eta ongi ateratzen bazitzaigun, aitzinerat.
Ahotsak dira zuen bereizgarria…
Bai, gitarra jotzen badugu ere, erraten ahal dugu ahotsak direla Bidenabarren instrumentu nagusia, denok kantatzen baitugu. Aunitzetan galdetu izan digute zein den ahots nagusia, baina guk beti erraten dugu hiruak garela. Ahots arras diferenteak ditugu, eta denak elkartzeak aukera ematen digu gauza desberdinak egiteko eta errepertorio aberatsa sortzeko.
Plaza ugaritan izan zarete. Bereziki oroitzen duzuen bat?
Zubietan, adibidez, gustura jo genuen, baita Baigorrin eta Eskoriatzan ere. Kontzertu batzuk arras politak izan dira, baina bertze batzuk nahiko traumatikoak, denetik badago [irri artean]. Izan ere, toki batzuetan publikoa kontzertua ikustera joaten da, baina bertze batzuetan, kontzertua antolatzen dute ekitaldiren bat dagoelakoz; pintxo poteo bat, feria bat… eta musika gehigarri bat da. Horrelakoetan, izan ditugu momentuak non lehenbiziko filako jendeak bizkarra ematen zigun eta guk baino altuago oihu egiten zuen… azkenean irriz hartzen genituen. Kontzertu gehienetan ongi ibili gara, baina gaizki ere pasatu izan dugu.
Zergatik erabaki zenuten diskoa grabatzea zuen kantekin?
Bertsioak jotzen aritu gara beti, baina tarteka esperimentatu izan dugu ere. Denborarekin bertsioez nekatu ginen, guk ere kantak sortzen ahal genituela sentitzen genuen. Malenek poesia idazten du, bertsotan aritzen da… trebea da hitzekin, eta hortik abiatuta hasi ginen gure kantak sortzen. Diskoaren ideia atera zelarik, epe bat paratu genion geure buruari; diskoa noiz grabatu erabaki genuen kanta ia guziak oraindik sortu gabe zeudelarik. Data paratu eta Berako estudioko Iñigo Irazokiri abisatu genion. Horrela geure buruari behartu genion lanean aritzera, eta horrek sortzen lagundu gaitu. Beti erraten da inspirazioa, sortze prozesua… baina batzuetan mugak paratu behar dira zerbaitera ailegatzeko, bertzenaz prozesua infinitua izan daiteke.
Nolakoa izan da idazketa prozesua?
Aunitzetan ideia batetik hasten ginen, adosten genuen zer erran nahi dugun eta zein mezu edo irudi hedatu nahi dugun. Hortik abiatuta letra idazten genuen, eta gero musika. Paraleloki, kanten zerrenda bat egin genuen, inspirazio iturri gisa erabiltzen genituenak: haien doinuak, erran nahi zutena nola irudikatzen zuten… Gerruntzian kantarako, adibidez, Faneka taldea inspirazio handia izan zen, letra deskriptiboak sortzen baititu. Guk ere iruditegi bat sortu nahi genuen, zerbait bisuala, alaia eta dinamikoa. Aio, maitia kantan, berriz, Maitia nun zira kanta zaharretik abiatu ginen; hasieran zerbait poetikoagoa egin nahi genuen, baina esperimentatzen hasi ginen, Zapatilleran bertso doinu batzuk ateratzen, irriz… eta azkenean hori izan da emaitza.
«Musikari ugarirekin aritu gara elkarlanean eta horrek aunitz aberastu du diskoa»
Ahotsaz gain, musika tresna ugari erabili dituzue grabaketan…
Egia da zuzenekotan egiten ez genituen gauzak sartu ditugula: pandero karratua, pandereta, biolina, saxofoia, mandolina, kaskainetak… kantak bete eta borobiltzeko erabili ditugu. Musikari aunitzekin aritu gara lanean eta hasieratik kantak arras bere egin dituzte eta guztiz baliatu dira badakitenaz. Gainera, askatasuna ematen saiatu gara, kanta adituta beraiek nahi zutena eta iradokitzen ziena egin zezaten. Elkarlan hori arras polita izan da eta aunitz aberastu du diskoa.
Diskoaren azalaren diseinuari ere garrantzia eman diozue, ez?
Bai, Pello Fagoagarekin [Aneren anaia] lan egiteko suertea izan dugu. Guk gustu batzuk izan ditzakegu eta bagenekien zerbait alaia nahi genuela, loreak Bidenabarren parte direla… baina bera da diseinatzailea eta gu baino gehiago badaki, hortaz, esperimentazio librea egiten utzi genion. Materialak eskaneatzen hasi zen, gauza pila bat probatzen… tarteka galdetzen zigun zerbait gustukoa genuen edo ez, baina beti izan du askatasuna nahi bezala aritzeko. Gainera, egiten zuen guzia gustatzen zitzaigun. Esperimentazio horretan, Kepa Arizmendiren [Kattalinen osaba zena] koadro batzuk eskatu zizkigun, eta horiekin mosaiko bat egin zuen. Kristoren lana egin du, baina egia da bere airera ibili dela.
Kantuak ez ezik, bideoklipak ere publikatu dituzue. Ongi moldatu zarete kameraren aitzinean?
Hasieran arraroa egiten zitzaigun, esperientzia kuriosoa da. Alde batetik kontent, proiektutxo polita izan delakoz, baina bertzetik lotsa ere ematen zigun. Kontzertuetan gorputza eta aurpegia paratzen dugu, baina momentuko gauza izaten da; bideoklipeko irudiak hor gelditzen dira. Ez dugu pentsatzen kristoren hedapena izanen duenik, baina badakigu ingurukoek ikusiko gaituztela antzerkia egiten. Hortaz, lotsa pasatu genuen baina disfrutatu ere egin genuen, bi sentimenduak nahasita. Oiher Urrutia izan genuen zuzendari eta Uxuri Etxegia gurekin aktore lanetan eta laguntzen, eta Super-8 kamerarekin grabatu genuen, analogikoan. Horrek ere grabaketan eragin zuen: bai edo bai ongi egin behar genuen, ez genuen denbora aunitzik pentsatzeko edo sufritzeko. Karreteak ematen du ematen duenerako.
«Aski maitatuak, babestuak eta baloratuak sentitu ginen diskoaren aurkezpenean»
Azaroaren 7an diskoa aurkeztu zenuten Zapatilleran. Nolako harrera izan zuen?
Kristorena izan zen! Egun guzia izan zen polita, gurekin lanean aritzen direnak hurbilekoak izatea garrantzitsua da guretako, eta bazkaria egin genuen partaide guziekin. Gero, kontzertuan, harrituak gelditu ginen, ez baikenuen hainbertze jende espero. Zapatillera bete egin zen, eta batzuk erran ziguten barnean zegoen jende kopuru bera gelditu zela kanpoan; guk ez genuen sinesten, bideo bat erakutsi ziguten arte. Aski maitatuak, babestuak eta baloratuak sentitu ginen eta sentsazio goxoarekin atera ginen, besarkada kolektibo baten modukoa. Arras eskertuak gaude.
Kontent zaudete diskoarekin?
Bai. Beti dago zerbait aldatuko zenukeena edo berriz aditzean bertze modu batean eginen zenukeena, baino hori beti pasatzen da sormen lan guziekin.
Non lortzen ahal da?
Elizondoko Intzan eta Casinon, Erratzuko Altxuko dendan eta Zubi Puntan, eta abenduan Durangoko Azokan egonen gara. Horrez gain, gure kontzertuetan ere erosten ahalko dira eta hurbileko jendeak guri eskatzen ahal dizkigu zuzenean.
Diskoa kanpoan da. Orain zer?
Ahal dugun guzia aprobetxatzen saiatuko gara. Ez dugu bira zehatzik, baina kontzertuak egiteko idazten diguten lekuetara joaten segituko dugu. Hirurak nahiko lanpetuak gaude eta beti ezin dugu baiezkoa eman, baina indarrak neurtzen saiatzen gara, itoko ez gaituen erritmoa eramateko. Gauzak naturalki sortzen ari dira eta kontent gaude.
Zerbait gehitu nahi duzue?
Eskerrak eman denei, jendea animatu kontzertuetara, eta norbaitek feedbacka eman nahi badigu edo zerbait erran kantei buruz, iritziak eta sentimenduak ongi etorriak izanen dira.
