Patxi Larralde txistularia omendu dute bere 50 urteko ibilbideagatik plazaz plaza

Ttipi-Ttapa

Patxi Larralde txistulariari omenaldi polita egin zioten joan den larunbatean, 50 urte bete dituelakoz Baztango eta Euskal Herriko plazetan jotzen

Bere inguruko lagunak, txistulariak, musikariak, ikasleak eta dantzariak bildu ziren Elizondoko plazan eta sorpresa ederra eman zioten arizkundarrari, txistua jotzera joan behar zuela uste zuenak.

Hitzartzean Baztango folklore eta kulturari egindako ekarpen guziak goraipatu zituzten, eta momentu hunkigarria bizi izan zuten. Bere ikasleak izan ziren Lekarozko sagar dantzariek dantzatu zuten gero. Ondotik aitzur bat eman zioten, Segi kultura jorratzen grabatua zuena, eta blusa beltz bat. Blusa jantzita, Baztango Xulubitariek mutil dantzak jo zituzten eta Larraldek ireki zuen dantza. Akitzeko isats dantza egin zuten irri artean, Baztango jostaketa dantza tradizionala. Omenaldia akituta, tragoa hartu eta bazkaria izan zuten, kantu eta dantza artean.

Blusa eta aitzurra oparitu zizkioten Patxiri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun