Urriaren 3a haserrea biziki sentitu nuen eguna izan zen. Euskal Herrian hainbat manifestazio antolatu baziren ere, bi izan ziren arrazoi berberagatik egin zirenak: poliziaren indarkeria eta horren aitzinean dagoen inpunitatea salatzeko.
Manifestazioetako bat Santurtzin izan zen, ekainean bertako udaltzainek taser pistola erabiliz Ander hil baitzuten. Berte manifestazioa, bertara joatea erabaki nuena, Hondarribian egin zen, irailaren 28an udaltzain batek Babacar hiru tiroz hil baitzuen.
Jakina da poliziak erabateko inpunitatea duela zernahi egiteko jendartearen 'segurtasunaren' izenean, jakin badakigun arren, zerbait segurua ez bada, hori polizia dela. Indarkeria poliziala are handiagoa da aitzinean duten pertsona arrazializatua bada, kale egoeran badago edo buruko osasun arazoren bat badu. Zoritxarrez, Ander eta Babacarren kasuak heriotzarekin akitu baziren ere, egunerokoan aipatutako egoeretan dauden milaka pertsonek pairatzen duten indarkeria poliziala dago horien gibelean.
Hondarribian, komunitate senegaldarrak zeraman pankartak Ñun ñep ñoy / Denak gara Babacar zioen. Leloaren erranahia ulertzen dudan arren, uste dut denok ez garela Babacar. Hobeki erranda, Babacar jendartearen eta bereziki poliziaren begietan, ez da denak bezalakoa. Pertsona zuria eta buruko osasun arazorik gabekoa izanen balitz, seguruenik gaur egun bizirik egonen litzateke. Hildakoaren anaia justiziaz, edo hobeki erranda, justizia ezaz solastatu zen. Hala erran zuen hitzartze akabailan: «justizia existitzen ez bada, sor dezagun gurea». Justizia existitzen ote denaren dudan, justizia ez dakit, baina mendekua bila dezakegu.
Badakit urriaren 3ak urruna ematen duela, denbora pasa dela, baina aipatutako indarkeria polizialak aktualitatea izaten segitzen du, eta gainera gehiagora doa. Inpunitatea haiena bada ere, gizatasuna, egia eta saretzeko gaitasuna gureak dira. Ez dugu indarkeria polizialik onartuko!