HEKO Baztango moneta propioa abenduaren 11n jarriko dute martxan

Ttipi-Ttapa

Gaur aurkeztu dituzte HEKO billeteen diseinuak eta hurrengo egunetan emanen dituzte proiektuaren inguruzko azken berriak, bertzeak bertze, moneta non lortu eta zein komertzioetan erabiltzen ahalko den.

Gure Moneta ekimenak urte hasmentan iragarri zuen Hego Euskal Herrian moneta propioa sortzeko asmoa, eta horretarako tokiko monetak martxan paratuko dituzte Baztanen eta Oarsoaldean (Gipuzkoan). HEKO moneta sortu dute, eta abenduaren 11tik aitzinerat egonen da eskuragarri.

Egun horretan, arratsaldez, bazkide guztiei billeteak eskuratzeko aukera emanen diete; horretarako aski izanen da izena ematea eta trukatu nahi den diru kopurua eskudirutan eramatea, eta momentuan eginen dute trukea. Oraingoz eskudirutan bakarrik eginen dute trukea, baina aitzinerago txartel bidez HEKOak eskuratzeko aukera ere emanen dute.

Billeteak eskuratzeko bi motatako truke guneak izanen dira: aldi batekoak eta egonkorrak. Aldi baterako truke guneak hainbat herri eta ekitalditan jarriko dituzten puntuak izanen dira, adibidez merkatu eta azoketan. Gune egonkorrak, berriz, hainbat komertziotan izanen dira eta komertzioa irekia dagoen bitartean egin ahal izanen dira trukeak.

HEKO billeteak

Gaur aurkeztu dute HEKO billeteen diseinua, eta guztira sei izanen dira: 1H, 2H, 5H, 10H, 20H eta 50H. Balio bereko billeteek deseinu berdina izanen dute alde batean Euskal Herri osoan, eta eskualde edo herriaren arabera aldatuko da bertze aldea. Berdina den aldean euskal paisaiak, animaliak eta landaredia dira nagusi. Bertze aldean tokiko irudiak bilduko dituzte; Baztanen kasuan, HEKO bateko billetean sagar dantzaria agertzen da eta 2 HEKOko billetean gasnagilea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun