Komunikazioa ezinbertzekoa
Estudio ttikia direla dio, «etxekoa, familiarra...» eta bezeroei «gertutasuna eta konfiantza» transmititzen saiatzen dira. Komunikazioa ezinbertzekoa dela azpimarratu du, «amestutako etxebizitza horri paper gainean forma ematea da gure lana eta horretarako ezinbertzekoa da bezeroa ezagutzea». Lehenbiziko hitzordutik gauzak argi uztea funtsezkoa da: «saiatzen gara ilusioari eusten eta aldi berean erakusten zeintzuk izan daitezkeen bidean izan ditzaketen oztopoak. Prozesu horretan, beraien bidelagunak izanen garela sentitzea nahi dugu». Urtetako esperientzia dutenez, «egindako lanak erakusten dizkiegu, antzeko kasuak azaldu... eta informazio hori guztia lagungarria izaten da proiektua bideratzeko orduan».
Bilera horietan diru kontuei lotutakoak izaten dira bezeroek argitu nahi izaten dituzten lehenbiziko kezkak: «eta horixe izanen da azkena jakinen dutena. Prozesu guztia pasatu behar da hori jakiteko, etapa aunitz. Estimazio batzuk egiten dira, baina gero gremio bakoitzak emanen die benetako prezioa. Eraikuntzan bertan ere izaten ahal dira aldaketak... eraikitzen duzun arte jakin ezin ditzakezunak». Etxeak geroz eta garestiagoak direla ikusten du: «etxe merke bat egin nahi duenak ere, araudia bete behar du. Ez da bakarrik materialaren prezioa goratu dela, etxebizitzek geroz eta exijentzia gehiago bete behar dituzte». Horren ondorioz, «geroz eta etxebizitza txikiagoak» egiten direla aipatu du.
Arkitektoen lana
Araudia zorrozteak eragin zuzena izan du arkitektoen lanean: «lehenago arkitekto batek denbora gehiago behar izaten zuen marrazteko, ez zeudelako horretarako hainbertze programa. Orain teknologiari esker marrazteko denbora murriztu da, baina aunitzez denbora gehiago behar dugu araudia betetzen dela justifikatzeko».
Etxebizitzei geroz eta gehiago exijitu edo muga gehiago jartzen zaizkie: «Geroz eta etxebizitza efizienteagoak nahi ditugu eta horretara bideratuta dago gaur egungo eraikuntza. Kalkuluak egin behar izaten ditugu baldintza guztiak betetzeko».
Diseinatzeko garaian, aitortu du batzuetan ezin dutela guztiz askeak izan: «gure herrien bereizgarria da, etxebizitzek duten itxura uniformea. Araudi zorrotza dago horri lotuta, leihoen tamainak, etxebizitzen altuera...». Zerbait modernoagoa egin nahi dutenei, aukerak ere eskaintzen dizkiete: «tradizioa eta modernitatea uztartuz». Batzuetan, administrazioekin «borrokan ibili» behar izaten dutela ere kontatu du: «Kontraesanak izaten dira, batez ere, zaharberritzeetan. Erakunde bat baino gehiagok jartzen dituzte bete beharreko baldintzak eta ez da erraza eskakizun guztiak betetzea. Adibidez, ´batek ez dizu uzten leihoen tamaina moldatzen eta bertzea etxe barreneko banaketa egiteko leihoen gutxieneko tamaina bat eskatzen ari zaizu…». Horren aitzinean, «bezeroak nahi duen etxea eraikitzeko alternatibak topatzea da gure eginbeharra».
Zerbitzuak
Familia bakarreko etxebizitzak egiten dituzte eta zaharberritzeetan edo etxe zaharretan etxebizitza berriak sortzen ere esperientzia dute. Tarteka lokal komertzialen bat ere egiten dute eta gaur egun eraikinen liburuak egitea ere aunitz tokatzen zaiela aipatu du: «duela hamabortz bat urte indarrean jarri zen bertze araudi bat da. 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitza blokeetan azterketa orokor bat egitea eskatzen dute». Garaian garaiko eskaeretara egokitu eta arkitektura maite duten etxean, segiko dute orri zuriaren gainean etorkizuna eraikitzen.