Denborarekin «pila bat» aldatu omen da enpresa: «hasmentan ez gintuen inork ezagutzen, baina publizitate hoberena ahoz ahokoa izaten da eta guttinaka ezagunak egiten hasi ginen Baztanen eta baita Iparraldeko inguruan ere, han lan aunitz egiten baitugu». Horrela, enpresa «aunitz» handitu da; «senarra eta biak bakarrik hasi ginen eta orain zortzi langile gara».
Etxez etxe
Etxe partikularrak, atariak zein lantegiak garbitzeko zerbitzua eskaintzen dute; «eta orain batez ere landetxeetan egiten dugu lan, batzuetan etxea garbitu bakarrik, baina bertze batzuetan zerbitzu osoa eskaintzen dugu; maindireak biltzea, garbitegira eramatea, dena garbitzea eta txukuntzea hurrengo sarrerarako…». Horrez gain, «obra amaierako garbiketak egiten ditugu, baita maila industrialean ere. Landetxeekin batera, hori da lanik gehien ematen diguna momentu hauetan».
«Gaur egun pertsona aunitzek etxetik kanpo egiten dute lan eta ez dute denborarik izaten etxeari eskaintzeko»
Normalean, «bezeroa posta elektronikoz edo telefonoz jartzen da gurekin harremanetan. Gu etxebizitza edo tokira hurbiltzen gara eta aurrekontua egiten dugu, kontuan hartzen tokiaren tamaina eta zer garbitu nahi duten. Toki batzuk ez daude hain zikinak eta guttiago tardatzen dugu, baina bertze batzuetan garbiketa sakonagoa egiten dugu». Eta noski, «leku batzuetara maizago joan behar dugu eta langile gehiago edo guttiago behar izaten ditugu garbitzeko». Erabilitako produktuei dagokienez, «orain dena ekologikoa erabiltzen dugu».
Etxe Garbikoek Baztanen egiten dute lan, batez ere, baina baita Iparraldean eta Gipuzkoan ere: «Hendaian, Hondarribian, Irunen… leku guzietatik mugitzen gara». Gainera, «aurten lan bolumena aunitz handitu zaigu, eguraldi onagatik eta uda luzatu egin delakoz. Alde horretatik ez gara kexu!».
Etorkizunera begira, «enpresarekin segitu nahi dugu, eta gehixeago handitzen ahal badugu, hobe». Erronkarik handiena «konpetentzia» dela dio, «garbiketa enpresa gehiago ditugu orain inguruan eta nabari da, prezioak jautsi baitira. Gainerakoan, dena ongi doa».