Baztango Udalak zahar etxeko zuzendari berria kontratatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa

Lanaldi osorako kontratu mugagabea izanen da, berehala hasteko lanean. Azaroaren 30era arte bilduko dituzte curriculumak

Baztango zahar etxea kudeatzen duen Zaintza Lanak enpresa publikoak lan deialdia egin du, egoitzako zuzendaritza eta gerentzia betetzeko. Zaintza behar duten pertsonak laguntzeko talde bat du egoitzak, eta momentu honetan zuzendari profila betetzen duen norbait behar du lantaldeak.

Kontratu mugagabea izanen da, asteko 37 orduko lanaldi osoarekin, astelehenetik ortziralera. Bertako hitzarmen kolektiboak arautzen duenez, urteko 50.000 euroko soldata izanen du. Berehala lanean hasteko izanen litzateke.

Bete beharreko funtzioen artean daude, bertzeak bertze:

  • Aurrekontua gainbegiratzea eta kontrolatzea.

  • Giza taldea gidatzea laguntza proiektuaren garapenean.

  • Giza baliabideak eta lan harremanen kudeaketa planifikatzea eta antolatzea, nominak eta kontratuak egiteaz arduratzen den talde teknikoarekin eta gestoriarekin koordinatuta.

  • Gainerako talde teknikoarekin batera, egoitzaren urteko kudeaketa eta kudeaketa estrategikoa planifikatzea.

  • Kanpoko hornitzaileen bidez kontratatutako zerbitzuak planifikatzea eta kudeatzea.

  • Arloak koordinatzea eta ikastetxearen funtzionamendua kontrolatzea.

  • Egoitzari dagozkion administrazio jarduerak gauzatzea.

  • Erakundea bertze erakunde edo organismo batzuen aitzinean ordezkatzea.

  • Zentroan lan egiten duen profesional taldearen integrazioa eta parte hartzea sustatzea.

  • Egoitzako instalazioen mantentze sistema planifikatzea.

Deialdian izena emateko beharrezkoa izanen da unibertsitate titulua, ahal dela Enpresen administrazio eta zuzendaritzan edo Giza baliabideen eta lan harremanen zuzendaritzan, eta euskara ezagutzea. Horrez gain, giza baliabide edo enpresa zuzendaritzarekin, geriatriarekin, mendekotasunarekin eta osasun mentalarekin lotutako bertze tituluak baloratuko dira, baita zuzendaritzako esperientzia profesionala ere.

Interesa dutenek azaroaren 30era arteko epea izanen dute curriculumak bidaltzeko personal@i3e.es helbide elektronikorat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun