Ez ahaztuak, ezta ikusezinak ere lelopean abiatu dute Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren kanpaina Baztango Udalak eta Nafarroako toki entitateek. Aurten adineko emakumeen kontrako indarkerian paratu dute arreta, «gehiegitan ezkutuan gelditzen den errealitatea, ikusgarritasun eta sentsibilizazio sozial handiagoa behar duena».
Baztango Berdintasun Zerbitzuak eta mugimendu feministak ekitaldi ugari antolatu ditu hurrengo egunetan:
Gaur, azaroaren 19an, Hijas de la Nakba dokumentala proiektatuko dute 18:00etan Baztango Gaztetxean. Baztango Gazte Asanbladak eta Iñarrosi taldeak antolatu dute hitzordua eta Palestinaren historia biltzen du filmak, bertako emakumeek kontatua.
Azaroaren 22an, igandea, Baginaren bakarrizketak helduendako antzezlana taularatuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean 18:00etan. Adin, jatorri eta egoera desberdinetako 200 emakumeren elkarrizketetan oinarritzen da ikuskizuna eta umore, poesia eta probokazioa uztartuz, emakumeen sexualitateari buruzko tabuak haustea du helburu.
Azaroaren 25ean, asteazkena, udalak elkarretaratze instituzionala eginen du Elizondoko plazan 12:00etan, Ez ahaztuak, ezta ikusezinak ere lelopean. 19:00etan, berriz, mugimendu feministaren mobilizazioa izanen da, plazan baita ere.
Biharamunean, azaroaren 26an, Barbara Mestanzaren Sucia dokumentala proiektatuko dute Elizondoko Arizkunenean 19:00etan. Masaje batean sexu erasoa jasan ondotik, Mestanza aktoreak antzezlan bihurtu du bere trauma, denek egiten dioten galderari erantzuten saiatzeko: zergatik ez duzu ezer egin?. Proiekzioa katalanez izanen da, euskarazko azpitituluekin.