Geroa Baik «mugaz gaindiko lankidetza» aldarrikatu du Baztanen

Ttipi-Ttapa

Alderdiko ordezkariak Arizkunenea kultur etxean.

Nafarroako Geroa Baiko ordezkariak, tartean Pablo Azkona kongresurako hautagaia eta Mayte Espinosa senatuko hautagaia, Baztanen izan dira berriki. Bisitan «Nafarroaren eta Iparraldearen arteko harremanak sendotzearen beharra» aldarrikatu dute, «bi lurraldeetako erakundeen arteko lankidetzan sakonduz, baita lankidetza ekonomiko, sozial eta kulturalean ere».

Nafarroan, «eta bereziki Baztan bezalako eskualdeetan, muga ezin da garapenerako eta aukerentzako oztopoa izan. Iparralderekin harreman historikoak, kulturalak, sozialak eta ekonomikoak elkarbanatzen ditugu, eta horiek guztiak zaindu eta sendotu beharra ditugu. Mugaren bi aldeetan bizi, lan egin eta haien jarduera garatzen dutenen bizitza erraztea da helburua», azpimarratu du Azkonak.

Bertzetik, Espinosak kritikatu du «PPk Espainia eta Frantziaren arteko Adiskidetasun eta Lankidetza Itunari ezezkoa eman izana, bi estatuen arteko harremanak sendotzera bideraturiko akordioa izanik, baita alor estrategikoetan lankidetza errazteko ere». Izan ere, PPk eta VOXek itunaren kontra bozkatu zuten irailean, eta UPNk abstentziora jo zuen. «Zaila da ulertzeko zergatik blokeatu duen PPk bi estatuen arteko lankidetza Nafarroarentzako funtsezkoak diren gaietan hobetu dezakeen akordio hau. Eta beste behin ere, UPNk PPrengandik ez bereiztea erabaki du, modu zuzenean Nafarroaren onurarako izan daitekeen ekimen bat defendatu ordez».

Azkenik, «Frantziarekin interkonexio elektrikoen sendotzea Geroa Bairen aldarrikapena dela» gogorarazi dute, «hala eskatu baitu koalizioak behin baino gehiagotan senatuan, segurtasun energetikoarentzako duen garrantziagatik, baita industriaren lehiakortasunerako eta Nafarroa Europako sareetan sartzeko ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun