Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak Landarte programaren 10. edizioa egin du aurten, eta sorkuntza garaikideko bortz prozesu parte hartzaile bildu ditu Nafarroako landa eremuko herrietan.
Martxoan abiatu zuten programa, koordinazio taldeek hautatutako herrietara egindako bisitekin. Ondotik sortzaileek ikerketa lana hasi zuten, bakoitzari egokitutako herri eta komunitateetara hurbilduz. Prozesu horien bidez, artistak eta komunitateak elkarrekin hainbat material sortzen ari dira, herri bakoitzeko proposamenen, ikuspegien eta errealitateen aniztasuna erakusten dutenak.
Programan parte hartu du Arraiozko Hasier Larretxe idazleak, eta Elo (Monreal) egokitu zaio. Bertan, Beatriz Canterorekin batera, Cartas a los lugares especiales de mi pueblo proiektua sustatu du, eskola ardatz hartuta.
Ekimenak herriko helduek idatzitako 26 gutun bildu ditu, haurtzaroko oroitzapenei lotutako herriko lekuak dituztenak hizpide. Lehen Hezkuntzako 2. mailatik 6. mailara bitarteko 16 haurrek hartu dute parte proiektuan eta, gutunak idatzi dituztenekin batera, testuak irakurtzen dituzte gutunetan aipatutako lekuetan. Proiektua akitzean, argitalpen bat publikatzea eta hura aurkezteko literatura topaketa bat egitea aurreikusi dute.