Adinekoendako bertso saioa eginen dute asteazkenean Elizondoko zahar etxean

Ttipi-Ttapa

17:00etan izanen da hitzordua eta Alazne Untxalo eta Bittor Elizagoien ariko dira bertsotan

Adineko pertsonei euskarazko jarduera ludikoa eskaintzeko eta bertsoek adindunei onura psiko-emozionala eragiten diela iritzita, adinekoendako bertso saioak antolatu ditu Euskarabideak, Euskararen Nafar Institutuak. 

Zazpi saio iragarri dituzte eguneko zentroetan, egoitzetan eta elkarteetan. Horien artean, azaroaren 18an, asteazkena, Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar egoitzan eginen duten saioa. 17:00etan izanen da hitzordua eta bi bertsolari ariko dira kantari: Erratzun bizi den Alazne Untxalo iturendarra eta Bittor Elizagoien arraioztarra.

Euskarabideak joan den urtean antolatu zuen lehenbizikoz programa eta balorazio ona egin zuten: «Bertso saioen bidez adinekoen osasun psikologikoari eutsi zioten, bertsoek lantzen duten ikuspegi kognitibo eta afektibotik. Izan ere, bertsolaritzak lagunduta, memoria landu zuten, bertso eta pasadizo zaharrak kontatuz eta kantatuz. Bertsoen bidez adinekoen emozioei espazioa eman zitzaien, irriak eta zirrara eraginez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun