Baztan-Bidasoko autobus zerbitzu berria aurkeztu dute Oronoz-Mugairin

Ttipi-Ttapa

Argazkian Oscar Txibite Lurralde Kohesioaren Departamentuko kontseilaria, Berta Miranda Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendari Nagusia eta eskualdeko zenbait alkate Baztan-Bidasoa-Ultzama autobus zerbitzu berriaren aurkezpenean.

Azaroaren 24an abiatuko da garraio zerbitzua eta Baztan-Bidasoko eta Ultzamako herriak lotzeaz gain, Iruñera eta Donostiara joateko ere balioko du.

Oscar Txibite Lurralde Kohesioaren Departamentuko kontseilariak, Berta Miranda Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendari Nagusiak eta eskualdeko zenbait alkatek Baztan-Bidasoko autobus zerbitzu berria aurkeztu zuten pasa den ortziralean Oronoz-Mugairiko geltokian. Azaroaren 24an paratuko dute martxan zerbitzua hamar urterako, eta 15,3 milioi euroko gehieneko kostua izanen du. Burundesak eta La Pamplonesak osatutako BBU Movilidad enpresa elkarteak eskainiko du zerbitzua.

Zerbitzu berriak herrien arteko konexioak eta Iruñea, Irun eta Donostiarako loturak hobetzea du helburu. Hortaz, hirietara joateko maiztasunak handitzeaz gain, eskatu ahalako zerbitzua berriak ezarriko dituzte bortz lineatan: Zugarramurdi-Elizondo-Almandoz; Saldias-Doneztebe; Etxalar-Doneztebe-Lesaka; Ezkurra-Doneztebe; eta Lantz-Iruñea.

Nola erabili eskariaren araberako zerbitzua?

Zerbitzu hori erabili ahal izateko, bidaia egin aitzinetik erreserbatu behar da tokia, beranduenik bezperako 20:00ak baino lehen. Erreserba hiru modutara egin daiteke: Internet bidez www.bbumovilidad.com webgunean sartuta, mugikorreko aplikazioaren bitartez (La Unión Burundesa) edota 607 151 257 telefonora deituz (egunero 08:00etatik 20:00etara).

Ordutegiak, ibilbideak, geltokiak eta bidaia konbinazioak webgunean kontsulta daitezke. Eskariaren araberako zerbitzua erreserba dagoenean soilik aterako da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun