Ikasleen oihu eta irriek betetzen dute Amaiurko eskola astearte arratsalde batez, azken eskola minutuetan. Gurasoak atean daude esperoan, haurrek pasilloan kanpoko oinetakoak jartzen dituzten bizkitartean. Bere bulegoan lanean ari da Nora Salbotx Alegria (Iruñea, 1973), eskolako irakasle eta zuzendaria. Duela 30 urte etorri zen lehenbizikoz, «ikasketak bukatu berritan, ordezkapen bat egitera. Pila bat gustatu zaitzaidan». Handik urte pare batera, 1998an, «oposizioak egin eta Amaiur aukeratu nuen, eta geroztik hemen naiz. Bizitza erdia baino gehiago daramat eskola honetan eta bigarren etxea baino, lehenbiziko etxea da niretako». Maistra izateaz gain, Euskal Hezkuntzagintzaren militantea ere bada Salbotx; 2021ean Askatu edo moztu bere lehenbiziko saiakera liburua plazaratu zuen, eta orain bigarrena argitaratu berri du, Hezitopia. «Hezkuntza sistemaren gabeziak agerian» utzi nahi ditu, baina «aitzinera begira, ortzimuga baterantz».
Nondik abiatu zen liburua?
Lehenbiziko liburua idatziz geroztik, Euskal Herriko toki aunitzetatik deitu izan didate hezkuntza sistemari buruz solastatzeko. Horrek behartu nau hausnarketa berriak eraikitzera, eta hori antolatu nahi nuen. Solasaldi eta artikulu pila bat nituen, eta ikusten nuen eduki nahikoa zegoela bertze saiakera bat idazteko. Bertzetik, 1920ko hamarkadan anarkistek utopia aunitz idazten zituzten eta politak izaten ziren, eta orain nahiko modan daude berriz. Hezkuntzari buruzko utopia bat leitzeko gogoa nuen, baina orain ez dira idazten, eta Euskal Herrian guttiago. Orduan lagun batek animatu ninduen zerbait egitera eta hau izan da emaitza, zati bat saiakera duena eta bertzea fikzioa.
Nola eragin du Amaiurko eskolak idazketan?
Eskolaren eragina nabarmena da. Pasarte edo anekdota zehatz batzuk hemen gertatutakoak dira, sukaldari eta porruena adibidez. Baina horretaz aparte, inspirazio iturririk handiena izan da. Nik ez nuke idatziko Hezitopia idatzi dudan gisara ez banu egunero zola hau zapalduko. Liburu desberdina izanen litzateke, edo ez litzateke, auskalo.
Ikerketa lan sakona egin duzu. Nolakoa izan da prozesua?
Urte aunitzetako ikerketa baten ondorioa izan da liburua, baina azkeneko bi urteetan jarri naiz idaztera. Jorratu nahi nituen gaiei buruz nituen apunte, erreferentzia eta azpimarra guziak berreskuratu nituen eta galbahetik pasa; erabaki zer ekarri eta zer baztertu. Liburuan aipatutako autore guziak ere txirikordatu nahi izan ditut, denak mahai inguru batean jarriko bagenitu haien arteko elkarrizketak irudikatu nahian: Angela Davis, Paulo Freire, bell hooks, Marina Garcés… Saiakera aunitz irakurtzen ditut, hortik zerbait atera daitekeela pentsatuz, eta nire liburuak post-it, marka eta oharrez beteta egoten dira beti. Lana da, baina lan ederra.
Nori zuzendua dago liburua?
Hezkuntza komunitateari, mugimendu feministako militanteei eta ikasle mugimenduko kideei begira idatzi dut, badakidalako hor badagoela publiko potentzial bat gustura irakurriko duena. Baina hezkuntzatik kanpoko jende aunitz ere leitzen ari da eta jendeak erran dit gustura leitu dutela, sakona dela, gauzak ikusteko moldea aldatu diela… Eta literaturaren munduko jendeak ere ekarpen politak egin dizkit. Eragina izaten ari da eta espero nuena baino gehiago handitzen ari da, beraz, kontent nago.
«Eskola espazio politikoa dela» aipatzen duzu liburuan, eta hor sartzen dituzu zaintza, gorputza, teknologiaren erabilera…
…eta elikadura, jolasa, edukiak… eskola erabat politikoa da. Ez alderdi politikoen zentzuan, baizik eta polisarendako, komunitatearendako pentsatua den eraikina delako. Aldi berean, espazio kulturala ere bada, momentu historiko batekin eta jendarte batekin interakzioan eta interes batzuei edo bertzeei erantzuten diena. Zentzu horretan, helburu arras politiko batzuekin sortu zen, gure jendarteari zerbait ekarriko diolakoan. Orain begiratu behar duguna da zein interes politikori erantzuten dion. Batzuetan 'neutraltasunaren' falazian erortzen gara eta eskola erabat aseptikoa dela naturalizatu dugu, baina ez da hala.
«Ez gara ohartzen zeinen garrantzitsua den jostatzea jostatzeagatik»
Jostatzearen inportantziaz ere aritzen zara.
Kapitulu hori aunitz maite dut. Irakasle ikasketak egiten duenari beti erakusten zaio zeinen inportantea den jolasa haurrak ebaluatzeko, haien garapena ikusteko, helduek egiten dituzte gauzak imitatzeko… etekinei eta produktibitateari begira ari gara beti. Baina ez gara ohartzen zeinen garrantzitsua den jostatzea jostatzeagatik eta zikintzea zikintzeagatik. Helduok ere egiten dugu, batzuetan ohartu gabe, baina etengabe eta mila modutara jostatzen ari gara, bizi behar bat baita.
Utopia proposamen gisa aurkeztu duzu 'Hezitopia'. Utopia horren bidean zein puntutan dago euskal hezkuntza komunitatea?
Gai batzuetan nahiko hurbil, eta bertzetan arras urrun. Espazioak begirada feminista batetik begiratzearen gaian, edo elikadura burujabetzan, pauso batzuk eman dira. Bertze batzuetan, hizkuntzak, kultura, arte eszenikoak, plastikoak… arras modu eskasean daude eskolan. Eta bertze gai batzuk utzita daude zuzenean, gorputzaren hausnarketa edo teknologiaren erabilera adibidez, begirada kritiko eskasarekin. Ez dago utopiarako distantzia zehatz bat, baino horrek bulkatzen gaitu aitzinera egitera, amets horretara ailegatu nahi izateak. Zorionez, horretarako daude utopiak.
Ikastetxe batetik bertzera ere aldatuko da, ez?
Erabat. Ez dago arau bat erraten duenik kulturak bai ala bai egon behar duela eskolan, edo elikadurak derrigorrez bertakoa eta sasoikoa izan behar duela, edo zaintzari emanen diogula daukan garrantzia… hori ere arautzen ahal da, eta horrat jo beharko luke hezkuntzak. Baina ez da hala, oraindik ere arras patriarkala delakoz.
Euskal Curriculumean oinarritu duzu zure utopia.
Bai. Gaur egun dauzkagun hezkuntza curriculumak dira alde batetik Parisen pentsatzen den programa, horrela ailegatzen dena Iparraldeko eskola eta ikastoletara, eta Hegoaldean Madrildik datorrena, erdia han pentsatua eta bertze erdia Iruñean edo Gasteizen. Hezkuntzako edukiak ez daude batere gure esku. Horren kontra, 2006an ariketa kolektibo erraldoi bat egin zen Euskal Curriculuma sortzeko, guretik eta guretako. Ariketa zoragarria izan zen, baina 20 urte pasatu dira eta lehen ez genekien gauza aunitz dakizkigu orain, aldaketa klimatikoari buruz adibidez, feminismoak ere sekulako urratsak egin ditu, zaintza, elikadura burujabetza… eta horiek ere integratu beharko lirateke curriculumaren planteamenduan. Hori dela eta, ariketa horretan pausatu ditut zangoak eta filosofia beretik abiatu dut bidea, euskal herritarrak euskal herritar hazi daitezen.
«Kapitalismoarendako praktikoak ez diren ezagutzak» ere aldarrikatzen dituzu…
Horri buruzko erreferentzia arras politak daude hainbat liburutan, adibidez, XIX. mendeko langile borrokarenak Ingalaterran: jauntxoek sortu zituzten eskolak, baina bertan «fabrikako eskulanerako behar dituzten edukiak» irakasten zituzten, langile konpetenteak izan zitezen. Langileek, kontrara, «zinezko ezagutza erabilgarriak» aldarrikatu zituzten, horien artean filosofia, historia eta ekonomia.
Nola baldintzatu du kapitalismoak eskoletan irakasten dena?
Kapitalismoari arras gutti interesatzen zaio hezkuntza. Hasiera batean elizaren eskuetan utzi zuen, eta 1980ko hamarkadan hasi zen esku hartzen, Thatcherren eta Reaganen garaian. «Ikasle horien buruak konkistatu» nahi zituzten. Gero ikusi zuten dirua egiteko bertze esparru bat dela, eta etekina ateratzen hasi ziren. Batez ere pandemiaz geroztik, teknologiari dagokionez: Google eta Microsoften hezkuntza plataformak, lizentzia digitalak, aplikazio espezializatuak… mila modu pertsonen datuak xurgatzeko eta negozioa egiteko. PISA txostena da horren bertze adibide garbi bat; mundu mailan sortutako proba bat hezkuntza sistema fiskalizatzeko, gibelean negozio bat duena.
«Hezkuntza ez da neutrala eta begirada kritikoa behar dugu gauzak aldatzeko»
Horri buelta eman nahi izan diozu liburuan?
Begiratzeko bertze modu bat erakutsi nahi nuen. Hezkuntza ez da neutrala eta begirada kritikoa behar da gauzak aldatzeko. Ez dut erraten nik aurkeztutako utopia errezeta bat denik, gauzak horrela egin behar direnik, inondik ere. Baina amets bat da, eta inspiragarria izan daiteke gauzak bertze modu batera ulertzeko.
Liburua plazaratuta, orain zer?
Irakurleari leitzera gonbidatzen diot, gozatu, azpimarratu, eta nahi baldin baduzu, ondokoari pasatu. Umberto Ecok erraten zuen liburu eta ekoizpen bakoitzaren aitzinean egon beharko lukeela pertsona bat hari kritika egiten. Ongi pasatzeko idazten dut, baina beti militantziatik eta eragiteko asmoz, eta hori lortzen badut, chapeau!
Bertzerik gehituko zenuke?
Aitzinsolasa Aiora Zulaikak (Pirritx) idatzi du eta gibelsolasa Koldo Rabadanek, eta uste dut horiengatik bakarrik jada merezi duela liburua eskuratzea. Arras politak dira eta bat egiten dute Hezitopiaren izpirituarekin.