A11 greba orokorra

[ARGAZKIAK] 1.000 lagunetik goiti bildu dira Elizondoko mobilizazioan etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko

Ttipi-Ttapa

«Etxebizitza eta soldata duinak denontzat» aldarrikatzeko greba eguna izan zen atzokoa, eta Baztan-Bidasoko hainbat eragile politiko eta sozialek mobilizatzera deitu zuten arratsaldean Elizondon

Plazako irakurketan adierazi zutenez, «etxebizitza da langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusietako bat. Euskal Herrian argi ikusten dugu hori: prezioek goiti egiten dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari da, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten… Balantzaren alde batean pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna pilatzen dira. Bertze aldean, espekulatzaile eta errentista gutti batzuek inoizko irabazirik handienak pilatzen dituzte».

Eskualdean ere «modu berezituan bizi ditugu etxebizitzaren arazoaren ondorioak. Baztan-Bidasoan emantzipatzea ia ezinezkoa da, ez dago alokairu iraunkorrerako sarbiderik, etxejabe aunitzek negozioa lehenesten dute, izan alokairu prezio altuak ezarriz edota etxebizitzak negoziorako erabiliz. Horren adibide dira azken urteetan eskualdean emandako alokairu turistikoen gorakada edota alokairu prezioen inflazioa. Herritarroi etxebizitza sarbidea are eta zailagoa zaigun momentuan, Baztan-Bidasoan dagoen etxebizitza hutsen edota bigarren etxebizitzen kopurua % 31,2koa da, 3.500 etxebizitzatik goiti. Beraz, arazoa ez da eskaintza falta, baizik eta baliabide hauek noren esku dauden. Hortaz aldarrikatzen dugu etxebizitza behar sozialen arabera planifikatu behar dela, eta ez merkatuaren logikaren arabera».

Hau guztia «ez litzateke posible izanen espekulatzaileen interesen zerbitzura dauden erakunde publikoak eta alderdi politikoak egonen ez balira. Alde batetik eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak. Bertzetik PSOEren Gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean. PSOEren Gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri».

Euskal Herrian ere, «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita foru aldundiek ere, eskumen zabalak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituzte. Espekulatzaileen eskuetan bukatzen duten dirulaguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza ziklo berri bati bide ematen dioten legeak onartu dituzte, eta errentistentzako onura fiskaletan oinarritutako politikak aplikatzen ari dira. Azkenik, alderdi guztietako udalek etengabe baimentzen edo zuzenean gauzatzen dituzte etxegabetzeak, alternatibarik eskaini gabe».

Baztan-Bidasoari dagokionez, «etxegabetze kopurua izugarri handitzen ari da urtez urte. Azken 5 urteetan 25 etxegabetze egon dira, batzuk judizialak eta bertze batzuk informalak; 25 etxegabetze horietatik 16 azken 2 urteetan eman dira: urtean 3 etxegabetze izatetik, 8 etxegabetze izatera pasa gara. Eta ezin dugu salatu gabe utzi eskualdeko larrialdiko etxebizitza falta: larrialdiko etxebizitzak lortze aldera saiakerak egin badira ere, orain arte tokian tokiko administrazioek ez dute behar sozial hau asetzeko baliabide nahikorik eskaini. Urgentziazkoa da Baztan-Bidasoan etxegabetzeen aitzinean alternatiba errealak egotea».

Horrekin batera, «ezin dugu aipatu gabe utzi Aroztegiko pelotazo urbanistikoaren kasua. Herritarroi etxebizitza eskubidea bermatzen ez zaigun bitartean, Baztanen ikaragarrizko proiektu espekulatiboaren alde lerratu ziren zenbait alderdi. UPNk UGEPa inposatuz herriaren eskumenak kendu zituen, eta Geroa Baik 'foru intereseko' babesa eman zion proiektuari. Pelotazo honen kontrako borroka eredugarria izan da, eta ezin hobe erakutsi du nola antolakuntza den espekulatzaileei aurre egiteko daukagun bermerik onena».

Egoera arintzeko, «hiru norabide nagusi» zehaztu dituzte: «lehendabiziko espekulatzaileei ondasunak desjabetu behar dizkiegu. Hemen milaka etxebizitza gutti batzuen esku daude; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bigarrenik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentista debekatu behar ditugu. Inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura aberastuz. Eta, hirugarrenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile-klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak, eskaintzaren eta eskariaren logikarekin, arazoak betikotzen ditu, eta milaka euro kostatzen zaizkigu guztioi. Baliabideen antolaketa arrazionala behar da, irabazi pribatuaren mende egonen ez dena».

Ondorioz, «pauso bat aitzinera emateko garaia heldu da. Eskualdeko herritar guziei dei egiten dizuegu etxebizitzaren problematikari aurre egiteko antola zaitezten: izan etxebizitza taldeetan, sindikatuetan edota gaia jorratzen duten bertzelako eragile politikoetan. Denon artean eraiki dezagun etxebizitza eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen Baztan-Bidasoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun