Azaroaren 24an abiatuko da Baztan-Bidasoko garraio publikoaren zerbitzu berria

Ttipi-Ttapa

Eskualdeko «mugikortasuna erraztea» eta «garraio publikoaren eskaintza hobetzea» du helburu eta garraio erregularraz gain, eskariaren araberako zerbitzua ere eskainiko dute.

Azaroaren 24an jarriko da martxan Baztan-Bidasoko errepideko erabilera orokorreko bidaiarien garraio publiko erregularreko zerbitzu berria, BBU Movilidad enpresak kudeatuta eta NBUS marka berriarekin.

Zerbitzu berriak «herrien arteko konexioak eta Iruñea, Irun eta Donostiarekiko loturak hobetzea» du helburu. Horretarako, autobus berrituak, ordutegi eta konexio gehiago eta eskariaren araberako garraio zerbitzua eskainiko ditu.

Garraio erregularreko zerbitzuaz gain, «eskariaren araberako zerbitzuak Baztango herriak Elizondorekin eta Almandozekin lotuko ditu, eta handik Iruñea, Irun eta Donostiarako autobus erregularrekin konektatzeko aukera emanen du».

Nola erabili eskariaren araberako zerbitzua?

Zerbitzu hori erabili ahal izateko, bidaia aitzinetik erreserbatu behar da, bezperako 20:00ak baino lehen. Erreserba hiru bidetatik egin daiteke: webgunean (www.bbumovilidad.com), mugikorreko aplikazioan (La Unión Burundesa) eta 607 151 257 zenbakian (egunero 08:00etatik 20:00etara).

Ordutegiak, ibilbideak, geltokiak eta bidaia konbinazioak webgunean kontsulta daitezke. Eskariaren araberako zerbitzua erreserba dagoenean soilik aterako da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun