Neurri horiek jendarteratzeko kanpaina hasi du Baztango Talde Ekosozialak sare sozialetan, «bizikletazaleen segurtasunarekin zerikusia duten neurri aipagarrienak irudien bidez sinpleki azalduz»
Neurrien artean, «bereziki kontuan hartu behar da hemendik aitzinerat herriguneetan bizikletazaleek, lehentasunez, erraiaren edo karrilaren erditik ibili behar dutela. Hau da, Elizondoko Santiago karrikatik joanez gero, errepideak bi norabide baditu, hautatzen den norabide horretako erraiaren erditik joan behar du bizikletazaleak. Horrek segurtasuna hobetzen du: bizikleta ikusgarriagoa egiten du, aparkaturik diren autoen inkorporazioek edo ate irekitzeek sortzen duten arriskua ezabatzen du, eta erorikorik gertatuz gero, espaloien koskatik urrun izanen da». Osagarri gisa, «autoek aitzinean duten bizikletarekiko bortz metroko segurtasun tartea utzi behar dute».
Horrez gain, «hemendik aitzinerat norabide bakarreko karriketan kontrako norabidean ibiltzen ahalko dira bizikletazaleak. Horretarako udalak karrika horien abiadura mugatu beharko du, gehienez ere 30 km/h-ra, eta kontrako norabidean ibil daitekeenaren seinalea paratu beharko du».
Kanpainak neurri horien berri eman badu ere, «kontuan hartzekoak diren bertze neurriak ere badaude. Lehen aldiz onartu dute 'eskolara bide seguruak' kontzeptua, urrats garrantzitsua haur gehiagok modu independentean, oinez edo bizikletaz, eskolara joan ahal izateko inguru seguruago batean». Gainera, «eskolen, ospitaleen, adinekoendako zaintza etxeen, desgaitasuna duten pertsonendako zentroen eta antzeko instalazioen inguruetan neurri zehatzak ezarri dira, erabiltzaile zaurgarrienak babesteko: abiadura mugak, aparkatze murrizketak eta trafikoa lasaitzeko bertze neurri batzuk».
Hauek dira kanpainan zabaldu dituzte irudiak:


