Baztango Osasun Plataformak hilabeteko kontzentrazioa egin zuen atzo arratsaldean eta bertan azaldu zutenez, «ia hilabete bat pediatrarik gabe egon ondotik, urriaren 28tik Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko haurrak artatzeko pediatra batekin kontatzen dugu». Gainera, «eskualdeko osasun zerbitzurako bertze postuak ere beteta daude, eta horien okupazioa behin betikoa izan dadin, enplegu eskaintza publikoaren bidez betetzeko aukera izanen dela iragarri du Osasunbideko zuzendaritzak».
Hori dela eta, bi urte pasa mobilizatzen aritu ondotik, «nolabaiteko erantzuna lortu dela» dio plataformak, «baina oraindik aunitz falta da osasun arreta osoa eta duina izan dadin». Izan ere, «oraindik mediku zuzendaririk gabe gaude. Medikuen profesionaltasunari esker, ezinbertzeko antolakuntza izate aldera, beren artean hartzen dute ardura, eta horrela bermatzen da guziek beharrezko arreta izanen dugula». Hala ere, «osasun arreta ez da bakarrik gaixoak artatzea, aitzinetik lan dezente egin behar da».
Nafarroako Osasun Foru Lege berriari dagokionez, «pausoak aitzinera eman dira. Duela astebete onartu zuen proiektua Nafarroako Gobernuak, eta orain ekarpenak egin, eztabaidatu eta behin betiko onartzeko bidean dago». Azaldu dutenez, «zenbait hobekuntza» biltzen ditu proiektuak:
- Enpresa publiko bat izan beharrean, erakunde publiko bat izanen da, horrela kudeaketa eta erabakiak Legebiltzarraren eskuetan egonen dira, gardentasuna bermatuz.
- Osasun zaintzak arreta unibertsala eskainiko du, jende guzia kontutan hartuz.
- Egoera soziosanitarioa (menpekotasuna, baztertuak...) kontutan hartuz, arreta egokia emanen du.
- Herritarren parte hartzea biltzen du, lehen eskutik informatua izateko eta proposamenak egin ahal izateko.
- Lehen mailako arreta indartuko da, zerbitzu integrala emateko asmoz.
Horiek «adibide batzuk dira, baina ikusi beharko da zein izanen den behin betiko edukia. 1990etik datorren lege bat erabat zaharkitua gelditzen da, eta etorkizunean, osasun zaintza publiko duin batek bertze ikusmolde batetik funtzionatu beharko du. Horretan, denon parte hartzea ere lagungarria izanen da».