[ARGAZKIAK] Giro polita izan dute Elizondon udazkeneko ferian

Ttipi-Ttapa

Jendetza ibili zen ortzirale eta larunbatean herriko karriketan barna

Argazkiak: Juanito Barriola

Joan den urtean aziendarik gabe gelditu ondotik, aurtengoan ez dute hutsik egin behi, behor eta ardiek; 550 azienda buru elkartu ziren totalean. Jendea goizetik bildu zen animaliak Merkatuko zelaian sartzen ikusteko. Horrez gain, Laxoko frontoian traktoreak eta lanerako makineria ikusteko aukera izan zen bertze urte batez.

Merkatuko plazan Elizondoko Ferietako V. Ardi Gasna Lehiaketa antolatu zuen herriak eta 12 gasnategik parte hartu zuten. Gasnak dastatu ondotik 90 lagunek bozkatu zuten onenaren alde eta Eulateko Larramendi gasnategia izan zen garaile, Iragiko Atekoa bigarren eta Urdazubiko Etxelekua hirugarren.

Arratsaldean, berriz, pilota partida lehiatuez gozatzeko aukera izan zen Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Bi partida jokatu zituzten: lehenbizikoan Salaberri II. eta Senar 22-19 nagusitu ziren Alberdi II. eta Erostarberen kontra. Bigarrenean, aldiz, Artolak eta Iztuetak 22-18 irabazi zuten Mariezkurrena II. eta Jakaren kontra.

Eta doike, ortzirale zein larunbatean 200 postu baino gehiagok bete zituzten Elizondoko karrikak, denetik ikusteko, dastatzeko eta erosteko aukerarekin: gozoak eta jatekoak, arropak, jostailuak, eskulanak, oinetakoak, osagarriak, bitxiak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun