Saharaztanek eskerrak eman dizkie Elizondoko ferietako tonbolan parte hartu duten guziei

Ttipi-Ttapa

Bizikletaren sariduna izan da Mari Jose Mortalena.

Lortutako diruak elkartearen lan ildoak «mantenaraziko dizkigu: udako Oporrak Bakean programa, eskola garaiko Madrasa programa, harrera familia iraunkorrena edo saharar herriarekin lankidetza zuzena eskaintzen duten bertze elkarteekin egiten ditugun kolaborazioak, bertzeak bertze».

Saharaztan elkarteak tonbola solidarioa egin du bertze urte batez Elizondoko ferietan eta eskerrak eman nahi izan dizkiete lagundu duten guziei: «Erratzun eta Elizondon etxabeak uzten dizkigutenei, gure betiko txokoa bermatzen digutenei, posturako opariak eman dizkiguten eskualdeko kirolariei, komertzio ttikiei, kirol taldeei, sortzaileei, artisauei, entitate publikoei, Nafarroako eta Euskal Herriko enpresei… eta nola ez, beren pazientzia eta diruarekin tonbolan parte hartu duten edo saiatu diren guziei».

Elkarteari laguntzeko hurrengo aukera Doneztebeko ferian izanen da, postua paratuko baitute materiala saltzeko: kamisetak, eskumuturrekoak, jertseak, erosketa poltsak…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun