1986an sortu zuten Harri Lan enpresa, beraz, «40 urte bete» dituzte aurten. Bederatzi laguneko lantaldea osatu dute eta denen buru da Joxe Urrutia Juanikotena amaiurtarra. Gisa guzietako harri lanak egiten dituztela azaldu du Urrutiak: «harri naturala da gure lehengaia eta eraikinen zaharberritzetarako, dekoraziorako, zoletarako... prestatzen dugu». Urtetako esperientzia dute eta harriaren sekretuak «aski ongi» ezagutzen dituztenez, «bezeroen eskaeretara egokitzeko» gaitasuna dutela gaineratu du: «etortzen diren guziei zer nahi duten aditu eta beraiendako aukera hoberena izanen dena erakusten saiatzen gara».
Harriak eskualdeko pasaian indar handia duela nabarmendu du: «Baztan aldean harri gorriztak, Leitzaldean kalizak, baita Igantzin, Beran eta Lesakan ere. Etxalarren hareharriak... leku bakoitzak badu nagusitzen den harri mota bat eta herri horretako bereizgarri bihurtzen da». Dena den, 40 urtean aldaketak izan direla aitortu du: «Lehen dena harri trinkoa izaten zen, orain gehiago hustu eta txapeoa egiten da. Duela hogei edo hogeita hamar urte etxeko izkina denetan jartzen zen harria: ateak, leihoak... orain garaiak aldatu dira eta, gutiago, bertze elementu batzuen osagarria izaten da harria». Bada, ordea, harriak presentzia handia izaten segitzen duen ingurune bat: «hildako pertsonak gogoan izateko orduan, harririk ez da falta izaten». Horrekin lotuta, hainbat lan egiten dituzte: «kanposantuko plakak, estelak, hilobietako tapak, gurutzeak, grabatuak… baita mantentze lanak ere: hilobiak garbitu, harriren bat aldatu...». Santu Guztien Egunaren bueltan, eskaerak izaten dituzte: «badira oraindik ere hilerrian bere txokoa mantentzen duten familiak. Azaroaren 1erako hilobiak txukundu nahi izaten dituzte». Bere ustez, nabari da gizartean ohiturak aldatu direla, «jendeak errausteko geroz eta ohitura handiagoa duenez, orain kolunbario gehiago egiten ditugu. Eskulana txikiagoa da eta merkeago ateratzen da». Oroigarriak ere indarra hartzen doazela dio: «geroz eta gehiago eskatzen dizkigute hildakoarendako erranahia zuen tokiren batean jartzeko oroigarriak». Itxura aldatuta, baina helburu berbera dute: harria bezain iraunkorra izan dadila, falta direnen oroitzapena.