Baztango Berdintasun Zerbitzuak ANTZ. Eskuekin jardun tailerra antolatu du Elizondon ortziraletan, azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an eta abenduaren 18an. Arizkunenean izanen dira saioak, 17:30etik 19:30era, eta Zorione Mendez Martin artista eta hezitzaileak dinamizatuko ditu.
Bortz saioetan «esperimentazio artistikoa, jolasa eta talde lana uztartuko dira, bakoitzak bere ehun lana sortzeko. Prozesuak hainbat sormen teknika ezagutzeko aukera emanen du, eta, aldi berean, moda jasangarria, moda azkarraren eragina, kontsumo arduratsuaren alternatibak eta balio komunitarioen zein ongizate kolektiboaren garrantzia landuko dira. Hori guztia parte hartzea, patxada eta zaintza ardatz dituen metodologia baten bidez».
Ikastaroak material guziak barne izanen ditu eta akitzeko, partaideek sortutako lanen erakusketa ttiki partekatua eta merienda eginen dute. Plazak mugatuak izanen dira eta lehenagotik izena eman beharko da berdintasuna@baztan.eus helbidean edo 613 003 634 telefonora deituta.
Ekimenaren bitartez, udalak «sormena, topaketa eta ahalduntzea sustatzen dituzten jarduerak» bulkatu nahi ditu, «ikuspegi feministatik, sorkuntza artistikoa hausnarketarako, ahalduntzerako eta saretzerako tresna ere bihur daitekeen espazioak sortuz».