Lekarozen izandako arrakastaren ondotik, Baztango Mindeitzek bertze kontzertu ibiltari bat eginen du igande honetan, urriaren 25ean, 11:00etan hasita, Azpilkuetako karriketan barna. Orain arte Erratzun, Berroetan, Zugarramurdin, Arraiozen eta Lekarozen aritu dira kantari, herri bakoitzeko istorioak, oroitzapenak eta kontuak kantuen bidez ezagutarazten. Azpilkuetan ere bide beretik segituko dute. Kantuak herriko hainbat txokotan eskainiko dituzte: balkoietan, baratzeetan, etxeetako gorapeetan, lorategietan… Izan ere, «horrelako lekuak agertoki ezin ederragoak dira halako ekitaldi baterako».
Errepertorioan taldeko emanaldiak, bikoteka abestutakoak eta bakarkako kantuak izanen dira. 20 bat kanta eskainiko dituzte, bertzeak bertze: Tomas, Hitzak dira, Katupurri, Argizagia, Itsasoan urak, Kantuz, Mundua partitu dute eta Baserri xaharra. Taldeko kantariez gain, «ez da sorpresarik faltako, Mindeitzek gonbidatu bereziak ere izanen baititu».
Taldeko partaideak honako hauek dira: Ixabel Aleman, Elisa Almandoz, Manttoni Ballarena, Itziar Barberena, Begoña Durruty, Karmentxu Elizegi, Lurdes Elizegi, Pello Etxeberria, Fermin Gartxitorena, Marijoxe Aleman, Rosa Karrika, Josune Kordoba, Jaione Kordoba eta Irene Iribarren.
Kontzertua Apaioa auzotik abiatuko da, eta antolatzaileek autoak Azpilkueta herrian aparkatzea gomendatu dute.