«Arras eskertua eta maitatua sentituz utzi dut Xorroxin Irratia»

Ttipi-Ttapa

Esatari batek «entzuleengandik hurbil sentitu behar duela» dio Mari Karmen Irungaraik.

Mari Karmen IRUNGARAI ALEMAN, Xorroxin Irratiko esataria.

Irribarretsu ireki du atea, eta harro erakutsi du 2007tik Xorroxinen egoitza den estudioa Elizondon. Irratia izan du lantoki bizi guzian, bertan hasi eta akitu baitu bere ibilbide profesionala. Irailaren 3an hartu zuen erretiroa Mari Karmen Irungarai Alemanek (Azpilkueta, 1959), entzule eta lankideen goxotasunaz inguratua. Bizi oso bateko lanaz mintzatu da, «pasioz egindako lana». Intuizioz edo usadioz, mikroari mintzatuz erantzun ditu galderak.

Nor dugu Mari Karmen?

Erretiroa hartu duela oraindik sinesten ez duen jubilatu bat. Pertsona konprometitua naizela erranen nuke, euskararekin eta herriarekin batez ere. Horrez gain, etxekoandrea naiz, lagunen laguna eta, gaur egun, amatxia ere bai. Maite dut lagunartea, familiartea eta amatxiren papera egitea.

Erretiroa hartu berria. Nola zaude?

Oporretan baldin banintzen bezala. Kontuan hartu behar da nire lanaldia bortz ordukoa zela, eta orain ere, jubilatu ondotik, bortz ordu betetzea erraza dela: beranduago jaiki, baratzeko buelta egin, oinez ibiltzera joan…

Nolakoa izan zen zure azken eguna irratian?

Sorpresaz betetako eguna, arras-arras hunkigarria. Ez dakit merezi dituzten hainbertze mezu eta opari, hainbertze eskertza… aski eskertua sentitzen naiz, eskertua eta maitatua.

Noiz hasi zinen lanean irratian?

1991n sinatu nuen kontratua. Baina lehenagotik ere hor egon naiz beti, laguntzen; kontzertuak zirela, herriz herri ostatua paratu behar zela, zinemaldia antolatu behar zela… Irratian ere saltseatzen hasia nintzen orduko, musika paratzen eta eskaintzak egiten igandeetan eta egun berezietan. Musika pila bat gustatzen zaitzadan, eta gaur egun ere bai. Hortik etorri zen, beharbada, gero lanean hasteko proposamena. Joseba Igarabidek eta Xumuxuk egin zidaten proposamena; langile kontratua behar zuten dirulaguntzak eskatu eta horiek justifikatu ahal izateko. Eskerrak Erratzuko gazte talde hari irratia sortzeagatik eta aukera emateagatik.

 

Josetxo Apezetxea eta Mari Karmen 90eko hamarkadan.

Xorroxinen jubilatu den lehenbiziko langilea zara. Kontratu hori sinatzean pentsatu zenuen bertan jubilatuko zinela?

Inondik inora. Ez dakit orduan jubilazioaz pentsatzen zen ere… aspaldiko kontuak dira, gazte-gaztea nintzen.

«Lanean hasi nintzenean ez nuen pentsatzen bertan jubilatuko nintzenik»

Nolakoa zen orduan irratia?

Arras-arras xumea. Elizondoko Saskaitz plazan ginen, Manolo Irigoien elizondoarrak utzitako etxe azpi batean. Horren aitzinetik Erratzun eta Elizondoko Fortenea ostatuan egon zen irratia, baina ni sartu nintzenean Saskaitzen zegoen, hor izan nuen nire lehenbiziko lan formala. Plato bakarra zen, bizpahiru mikrofonorekin, eta eguerdi partean egiten genuen herriz herrikoa. Bi geunden lanean, Txus eta biok, baina jende aunitz genuen inguruan laguntzeko prest.

Aunitz aldatu da urteekin?

Erabat. Lantaldea handituz joan zen, zortzi izatera ailegatu arte; gaur egun sei dira. Nork pentsa zezakeen orduan pertsona bat beharko genukeela dirulaguntzen paperak egiteko, telefonoa hartzeko, publizitatea eramateko… Sekula aldatu ez dena gure funtzionatzeko modua da: langile asanbladaren bitartez funtzionatzen duen lantokia da Xorroxin. Ez dago zuzendaririk edo zuzendariorderik, denak berdinak dira, azkena sartzen denaren iritziak ere berdin balio du. Lankide artean erabakitzen da zer eta nola egin, aurrekontuaren arabera, eta orain arte ongi funtzionatu du horrela.

«Langile asanbladen bidez funtzionatzen du Xorroxinek, denak berdinak gara»

Zer nabarmenduko zenuke zure lanetik?

Egunerokoa arras polita da, programazioa denon artean prestatzea eta lanak gure artean banatzea. Baina beti suertatzen da arazoren bat, gehienetan ekonomiaren aldetik, eta etxera eramaten duzu. Ez duzu guztiz deskonektatzen, motxila ttiki bat duzu zurekin. Alor teknikoak ere pisu handia du; mendiak, errepikagailuak, aberiak, tresnaren bat hondatu dela, ez dugula erreserbarik ez genuelakoz dirurik erosteko… lan eta kostu handia dute. Antero [Etxandi] ibili izan da eta ibiltzen da oraindik lan teknikoetan, ikusten ez den lana eta aunitzetan baloratzen ez dena.

Nola sentitzen zara mikrofonoaren aitzinean solasean?

Gustura, nire saltsan. Inori baimenik eskatu gabe jendearen etxeetan, autoetan eta lantokietan sartzen gara, eta pribilegiatuak gara horregatik. Tarte batzuk bertzeak baino gehiago disfrutatu izan ditut, adibidez, pila bat gustatzen zaizkit eskaintzak, lehiaketak… Elkarrizketek lan gehiago eskatzen dute, aitzinetik dokumentatu behar baita jakiteko norekin ari zaren solasean. Herriz herrikoa arras gustura egin izan dut, berriemaile guziak aspaldiko ezagunak dira eta etxeko norbaitekin solasean banintz bezala aritzen naiz.

Mari Karmen irratiko estudioan 2003an.

Zer behar da esatari on bat izateko?

Entzuleengandik hurbil sentitzea, familia handi baten partaidea izatea. Erraten duzuna ziurtasunez erratea, komunikatzaile bizia eta arina izatea. Eta egiten duzuna sentitzea. Gustura baldin bazaude egiten duzunarekin, hori transmitituko duzu eta esatari ona izanen zara.

Eta Xorroxinen aritzeko?

Irrati bat baino gehiago da Xorroxin, bertan aritzeak konpromisoa eta militantzia eskatzen du, euskalduna eta euskalzalea izatea; euskara maitatzea. Bertzela, akabo. Uste dut Xorroxinek eskualdean euskara babesten eta normalizatzen lagundu duela. Nork pentsa zezakeen duela 40 urte Baztanen euskara hutsean sortutako irrati batek hainbertze iraunen zuela? Eta hedatuz joan da hemendik kanpo ere: Bortziriak, Malerreka, Bertizarana, Urdazubi, Zugarramurdi… Karrikan ere konturatu naiz, jende euskalduna haien artean erdaraz aditu, eta ni hurbiltzean konturatu gabe nirekin euskaraz hastea. Ohituratuak daude niri euskaraz aditzera.

Azpimarratuko zenukeen momenturen bat?

Pasioz egindako lan bat izan da, eta aunitzetan sentitu dut poza mikrofonotik. Momentu aunitz nabarmenduko nituzke: lizentziak lortu genituenean, Behikaka zozketa prestatu eta hain emaitza onak ikustean, estudio bat utzi eta bertze bat muntatu eta inauguratzeak, antolatutako kontzertu eta gaupasak… mugarri horiek poz handia ekarri digute. Baina dena ez da polita izan, gertakari latzak ere bizi eta kontatu behar izan ditugu: gazteen istripuak, Berako mendizale gazteak, Naroa Elizalde pilotariaren heriotza, gazte talde lesakar bat atxilotua izan zenean eta Garan haien torturaren irudiak ikusi genituenean… eta tristura handiarekin erran genuen Joxe Urroz eta Martin Garde hil zirela, harreman estua baitzuten Xorroxinekin, urteak eta urteak informazioa ematen eta kolaboratzaile lanetan. Mikel Laboa hil zelarik ere kristoren pena hartu nuen, eta mikrofonoaren aitzinean negarrez aritu nintzen.

Behikaka aipatu duzu. Nondik atera zen horrelako ideia?

Nafarroako Gobernuaren aldaketa izan zenean, dirulaguntzarik gabe gelditu ginen, ez zioten euskarari laguntzarik ematen. Zerbat egin beharra genuen eta gure bi fenomenori, Fernando Anbustegiri eta Fermintxo Gartxitorenari, okurritu zitzaien behiak belaian sartzea kaka egitera. Dirua lortzeko gauza aunitz egin izan ditugu, gero ere etorri izan dira bazkide eta laguntzaile kanpainak, eta horiei ere eskertu behar diegu.

2009an dirulaguntzarik gabe gelditu zirenean abiatu zuten Behikaka zozketa.

«Eskualdea elkartzen eta euskara babesten lagundu du Xorroxinek»

Zer eman dio Xorroxinek Baztan-Bidasoari?

Euskara babestu eta indartzeaz gain, eskualdea elkartu duela uste dut. Lehen Bera edo Lesaka urruneko herriak iruditzen zitzaizkidan, eta orain arras hurbil sentitzen ditut. Eta uste dut gure entzuleak ere arras hurbil sentitzen gaituztela. Hurbiltzeko, elkartzeko eta komunikatzeko tresna bat izan da.

Inportanteak dira tokiko komunikabideak?

Arras inportanteak dira, herriko errealitatea eta eguneroko bizitza kontatzen dutelakoz, hori dute oinarri. Gure kasuan, berriemaileen lana nabarmenduko nuke; herri bakoitzean gertatzen dena jakiteko, gure berriemaileak dira iturri. Guk horretatik edaten dugu, eta aunitzetan albiste bihurtu. Arras inportanteak dira berriemaileak, eta inportanteak dira ere elkarrizketatuak; ezezko gutti hartu ditut lanean aritu naizen urte guzietan, jendea beti prest da solastatzeko. Aipatzekoak ere instituzioak: udalak, mankomunitateak, Nafarroako Gobernua… haien laguntzarik gabe, irratiak ez luke iraunen. Batzuk ekonomia aportatzen dute, eta bertzeek eskulana; hori da Xorroxin Irratia.

Nola ikusten duzu Xorroxinen egoera gaur egun?

Ekonomia da, beti bezala, arazorik handiena. Horretaz aparte, lantalde xarmanta ikusten dut, konprometitua eta euskalduna, baikorra, sendoa eta pasioz lan egiten duena. Lantaldea baino, lagun taldea da, eta oinarrizkoa ikusten dut elkar ongi hartzea giro ona izateko. Azkenean, mikrofonotik hori da transmititzen dena. Jende gaztea sartzen ari da, eta freskotasuna ekarri diote. Gainera, teknologia berriak erabiltzeko trebezia dute, ongi moldatzen dira ordenagailuarekin, eta hori da irratiak duen bertze erronka handienetako bat. Nik behintzat, saioa egiteko behar-beharrezkoa dena bakarrik ikasi dut ordenagailuan, mila afera gelditu zaizkit ikasteko.

Eta etorkizuna?

Orain bezala ikusi nahiko nuke. «Euskalduna hitza, bertakoa bihotza» erraten dugu, eta ziur nago hala izaten segituko duela. Gauzak aldatuko dira, jendea aldatuko da eta gizartea ere bai, baina orain arte moldatu garen bezala, moldatuko dira. Nik etxeko irratia piztuko dut, eta espero dut Xorroxin aditzen segitzea.

Eta zure bizitzan, ze asmo?

Atzokoa pasatu da, ez da existitzen, eta bihar ez dakigu zer etorriko den, hori ere ez da existitzen; gaur gaurkoa. Baratzean arituko naiz, paseo eder batzuk eman eta familiari lagundu, hori delakoz momentuan behar duguna. Zaintza lanak eta ibiltzea.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman: entzule guziei, zuen etxeetan sartzen uzteagatik; hau bizirik mantentzen lagundu duten guziei; lantaldeari, ikusten zaienei baina baita gibelean daudenei ere, haien lana ere inportantea baita; eta jubilatu nintzenean niregana hurbildu zirenei, eskaini zizkidaten opariengatik, mezuengatik, karrikan hartu ditudan muxu eta besarkadengatik… eskerrak denei, maitatua sentitu naiz eta pasioz egindako lana izan da. Orain etapa berri bat hasiko dut.

Irailaren 3an hartu zuen erretiroa Mari Karmenek eta omenaldi ederra egin zioten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun