Lasterka zein oinez, urriaren 17ra arte izanen da izena emateko aukera kronoak.com webgunearen bitartez, eta larunbat honetan gauerdian hetsiko dute epea. Lasterketa banaka edo binaka egin daiteke, bakoitzak erdi eta erdi eginez. Bakarka egiteko 50 euro ordaindu beharko dira eta erreleboka 70 euro bikote bakoitzeko. Oinezko martxa egiteko, berriz, 10 euro ordaindu beharko dira.
Ibilbideak
Lasterketak 44 kilometro eta 3.000 metro inguruko desnibela izanen du. Ibilbidea hurrengoa izanen da: Erratzutik abiatu eta Azkaraten goiti Gorramendi igoko du, Gorramakil pasatu eta Alkaxuri ingururat joanen da. Beheiti eta goiti berriz, Astatetik (Iparlara inguruan) Izpegirat joanen da, ibilbide erdia osatzeko. Binakako proban, lehenbizikoak bertan akitu eta bigarrena abiatuko da: Olate igo eta Auzatik pasatuko da, Azpiltegiko oihanetik Burga mendia igo, jaitsi eta Soralar igoko du. Handik ibilbideak beherantz eginen du Erratzun akitzeko.
Oinezko itzuliak 23 kilometro inguru izanen ditu, 1.100 metroko desnibelarekin, eta tarte batean mendi lasterketarekin bat eginen du.
Kaxtrailek edizio bakarra izanen du eta egunean berean, musika, gastronomia eta ekitaldi kulturalak eskainiko dituzte Erratzun.