Baztango Osasun Plataformak batzar irekia egin zuen irailaren 16an, «egindakoari buruz eta etorkizunean eginen denari buruz hausnartzeko». Hala ere, batzarraren eduki nagusia «Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin pediatrarik gabe gelditzea» izan zen. Udalei, guraso elkarteei eta Nafarroako Gobernuei interpelatu ondotik, Osasunbideak erantzun du «urriaren 28rako paratuko dutela pediatra berria eskualderako».
Horrez gain, plataformak hainbat eskaera egin dizkio Baztango alkateari, hurrengo Osasun Kontseilura eraman ditzan. Zehazki, hurrengo galderak egin dituzte: «Zein prozedura izanen da Baztanen pediatraren behin betiko postua hartu ahal izateko? Zein prozedura izanen da eskualdeko mediku zuzendaria hautatzeko? Zein arrazoi ikusten da, bi mediku zuzendariek hain denbora laburrean beren kargua bertan behera uzteko? Eta jakiten bada, zein neurri hartuko dira? Eta Elizondon behin behinean diren mediku postuak, zein epeetan betetzea aurreikusten da?».
Baztango postuak «modu zaurgarrian daude, eta plaza guziak modu egonkorrean beteta egon arte, interpelatzen segituko dugu». Gainera, «zenbait jendek osasun aseguru pribatura jotzen dute, zerbitzu pribatua indartuz eta publikoa kaltetuz. Gu zerbitzu publiko duinaren alde biltzen gara, honek eman baitezake orain eta etorkizunean zerbitzurik onena. Nafarroako Gobernuaren ardura da zerbitzu publikoan paratzea behar diren baliabideak».