Igandeko ekitaldi nagusian azaldu zutenez, «egunotan mezu argi bat bidali da Euskal Herriari eta mugaz gaindikoei: koordenatu sozialistetan borroka komunitate bat eraikitzen ari gara hemen, militantziaren eguneroko konpromisoan eta diziplinan oinarritua. Eraikitzen ari garen mugimendu hau izango da faxismoaren eta ideologia erreakzionarioen aurkako benetako euste horma, baita alderdi sozialdemokraten aurrean langile klasearen beharrizanak borrokatzeko prest agertuko dena ere».
Gaur egungo testuinguruari begira, «langileriaren pobretze etengabea, gerra inperialistak, estatuen militarizazioa, autoritarismoaren gorakada, ekosistemen suntsiketa basatia, faxismoaren hedatzea eta ideologia erreakzionarioen normalizazioa» nabarmendu zituzten. «Horra garamatzate elite ekonomiko eta agintariek, baita agenda hori erosi duten alderdi politiko guztiek ere».
Bertzeak bertze, «Nazioarteko Langileon Estatu Sozialistaren beharraz» aritu ziren; «ez dugu langile klasea albo batera uzten duen programarik onartuko, ezta langile klasearen sektore baten ongizatea beste baten bizkarrera eraikitzen duen proposamenik onartuko ere».
Faxismoari dagokionez, «kapitalismoaren aurpegi gordina dela» nabarmendu zuten, eta hori «indartzeko eta normalizatzeko inbertsio politiko eta ekonomikoaz gain, inbertsio mediatiko ere erabatekoa» dela. Horren bidez, «ideologia matxista eta arrazista normalizatu da gurean ere».
Horrez gain, «eskuineko zein ezkerreko alderdiak» seinalatu zituzten. «Eskuineko alderdien partetik disimulurik gabe errepresioa pairatzen dugu. Ezkerreko alderdiei dagokienez, PSOEk langile protestak bere kalkulu elektoralen arabera aktibatzeko edo desaktibatzeko ahalmena dauka. Ez dezagun ahaztu oinarrizko eskubide politikoen aurkako Mozal Legea bere horretan mantentzen duela, eta frankismoaren zimenduen gainean eraikitako 78ko erregimenaren sostengua dela; Euskal Herrian milaka gazte konprometitu torturatu eta kartzelatu dituena, eta hemen bortizki atxilotzen eta kriminalizatzen dituena borroka antifaxistan dabiltzanak».
Hauteskundeen atarian, «ez diezagutela esan hauteskundeak momentu erabakigarri bat direla langile klasearentzat, ondo baitakigu orain antifaxistaz mozorrotzen diren alderdi sozialdemokraten eskutik etorri direla azken urteetan langileon aurkako neurri autoritarioak».
Nabarmendu zuten langileriak «eguneroko borrokan» eraikitzen duela botere politikoa. «Euskal alderdi nazionalistek bide orri autonomistak proposatzen dituzte, baina argi ikusten da bide horretatik ez dagoela askapen posiblerik. Nazio askapena prozesu sozialistaren baitan kokatu behar dugu, eta hizkuntza politika propioa eraiki zazpi lurraldeetan euskal hiztunen eskubideak bermatzeko».
Akitzeko, «herriz herri, auzoz auzo eta eragiten diguten esparru guztietan borrokak aktibatu eta irabaztea» aldarrikatu dute. «Eskubide politiko eta zibilen defentsa berriro indartu behar dugu». Horren adibide, azaroaren 11n etxebizitza eskubidea bermatzeko deituta dagoen greba orokorren parte hartzeko deia egin dute.
Egitaraua osatzeko solasaldiak, kirol hitzorduak, kontzertuak, kultur ekitaldiak, erakustaldiak, otorduak, manifestazioa eta gehiago izan zituzten lau egunez.