Erratzun sortu berri duten Iduzki Energia Komunitateko lehendakaria da Ainhoa Almandoz, eta herriari ekarriko dizkion abantailak argi ditu; «komunitatea sortzeko prozesuan hiru alorretan abantailak izaten ahal ditugula ikusi dugu: ingurumenean, gizartean eta ekonomian».
Alde batetik ingurumenean, «inguruko baliabideak aprobetxatuz, CO2 isurketa murriztu eta energia garbia eta jasangarria sortuko dugulakoz». Bertzetik gizartean, «energia pobrezia murriztu, herritarrak babestu eta gure arteko kohesioa eta lankidetza sendotuko duelakoz». Azkenik, ekonomian, «dirulaguntzak lortzeko abantailak eta fakturen murrizketa izanen ditugu, eta tokiko ekonomia bulkatuko du».
Ideia aspalditik datorrela azaldu du; «urte batzuk dira herritar talde bat horren inguruan pentsatzen ari zela. Udalak laguntza emanen zuela jakinik eta Aniz, Lekaroz eta Amaiurko kasuen berriz izanik, taldea berriz hasi zen biltzen. Azken bulkaldia udaleko ordezkaria den Lorea Lizarreta herritarrak eman zigun, eta hortik hasi ginen komunitatea sortzen». Elkartearen helburua argi dute: «trantsizio energetikoa erratzuarren eskuetan paratzea. Erratzuko herritarrek, negozio ttikiek eta tokiko erakundeek bat eginen duten elkartea da, energia berriztagarria modu kolektiboan sortzeko, kudeatzeko eta kontsumitzeko». Horrekin batera, «bazkideei eta herriari onura sozialak, ingurumenekoak eta ekonomikoak ekartzea».
Horretarako lana egin beharra da, eta orain arteko prozesua «luzea baina eramangarria» izaten ari dela aitortu du. «Talde motorrak hainbat bilera izan ditu Artelan, Kisar eta Arankoako zenbait aditurekin. Bilera horietan egin beharreko bide orria markatu digute orain arte, bai arlo juridikoan eta baita teknikoan ere». Batez ere adituen erranetan oinarritu badira ere, «inguruko bertze komunitateei, Lekarozko Zimizteri, Anizko Askaini eta Amaiurko Urkilori, kontsultatu dizkiegu izan ditugun zalantzak edo galderak». Hemendik aitzinera, «gure lana izanen da komunitate honi segida ematea, baina bidea egiteko bertze komunitateei laguntza eskatzea aurreikusten dugu, beraiek jada bide hori egina baitute».
Komunitatearen izen emateari dagokionez, «arras arrakastatsua» izan dela dio, «gaur egun 108 kide gaude, horien artean % 60 gizonezkoak eta % 40 emakumezkoak». Horrez gain, «talde motorrean zortzi kide gaude: Angel Mari Erregerena Mortalena, Xabier Ballarena Iturburua, Antton Ariztia Elizetxe, Koldo Uribe-Etxebarria Almandoz, Jabi Irigoien Urrutia, Joxe Itoitz Ibarra, Amaia Intsausti Azaldegi eta ni».
Aitzinerat begira
Momentuan, «gure lehenbiziko proiektua martxan jartzeko bidea egiten hasiak gara». Zehazki «proiektu fotovoltaiko bat» abiatu nahi dute, «non kideek bertan parte hartzeko aukera izanen duten, berain fakturak guttituz eta energia garbiagoa eta jasangarriagoa hartuz».
Epe luzera, berriz, «hainbat ideia ditugu burutan: egur loteak egitea, energia munduan heztea eta formatzea, mugikortasun jasangarria eta efizentzia energetikoa sustatzea… hala ere, orain ez gara epe luzerako proiektuetan pentsatzen ari, hastear gauden proiektuak zentratuak baikaude».
Azkenik, «talde motorraren partetik eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei bazkidetza egiteko momentuan eman duten erantzunagatik, horrek aitzinera segitzeko indarra ematen baitigu».
