Elizondoko zuhaitzen mapaketa egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa

54 txorko akastun erregistratu dituzte: 20 txorko itogarri, 14 zuhaitz ihartu eta 20 txorko hutsik

Herri eta hirietako zuhaitzen mapaketa egiteko Hemen zuhaitz bat falta da - Ecomapa 2026 ekimena egin zuten asteburuan hainbat udalerritan, eta Baztango Talde Ekosozialak ere bat egin zuen egitasmoarekin igande goizean. Elizondoko txorkoak aztertzen aritu ziren, hau da, arbolak landatuak egoten diren espaloietako laukitxoak.

Zehazki, 230 zuhaitz inguru behatu zituzten Santiago Karrikan, Franzisko Joakin Iriarten, Diputazio hiribidean, Baztanberrin eta Erlategin. 54 txorko akastun erregistratu zituzten, horietatik 20 txorko itogarriak, 14 motzondo edo zuhaitz ihartu eta 20 txorko huts. Informazio hori «udal gobernuari helaraziko diogu egun gutti barru».

4.810 puntu beltz Hego Euskal Herrian

Ekimena estatu mailan antolatu zen Alianza por el Clima, Barrios por el Clima, Estatuko Auzo Elkarteen Konfederazioa, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Intermon Oxfam eta Juventud por el Clima elkarteek sustaturik, eta «hiriko zuhaitzen egoera ikusaraztea eta tokiko gobernuei hobekuntzak proposatzea» du helburu.

Hego Euskal Herrian 17 udalerritan egin zituzten behaketak; Iruñea, Zizur Nagusia, Donostia, Hernani, Bilbo, Barakaldo, Galdakao… eta eskualdeari dagokionez, Elizondon. Guztira 774 txorko, 375 motzondo eta 3.661 txorko itogarri baino gehiago zenbatu zituzten.

Antolatzaileek agerian utzi dute «itzal naturaleko estaldura handia bermatzeko udalerri guzietan ahaleginak biderkatzeko beharra. Ez da soilik hiri eta herri bizigarriagoak egiteko beharragatik, edo ekosistema osasuntsuen garrantziagatik, baizik eta herritarrak ere eskatzen ari direlako». Horren adierazle da ekimenak izan duen «harrera ona».

Gehitu dutenez, «jarduera honetan zuhaitzak aldarrikatzen ari gara, baina badakigu gure udalerrien bizigarritasuna hobetzeko gehiago egin behar dela. Beharrezkoa da hiriak birnaturalizatzea eta horietan landaredi presentzia handia lortzea. Hiri berdeen etsai nagusia zoladura, sasiak garbitzeko makina eta motozerra dira, zeinak inausketa gogor eta desegokiak egiten baitizkie hiriko zuhaitz gehienei».

Azkenik, «herritarren antolaketaren garrantzia» eta «bizilagunek birnaturalizazio gaiaren inguruan duten kezka» nabarmendu dute. Jarduera akituta, emaitzak helaraziko dizkiete udal gobernuei, «estaldura handitzeko beharrezko neurriak» har ditzaten eskatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun