ELA sindikatuak «Nafarroako Gobernuak Benito Menniko gatazkan erakusten duen erantzukizun falta» salatu du. Lan gatazkak 315 egun bete ditu, eta «gobernuak ezin dio bizkarra eman zerbitzu publiko bati eragiten dion egoerari, zerbitzu horren finantziazioa, arreta estandarrak eta langile ratioak administrazioaren esku baitaude».
Ospitale zentroko langileen egoeraren berri eman ondotik, «bere erantzukizuna bere gain har dezala» eskatu diote Nafarroako Gobernuari. ELAk bilera bilaterala eskatu zion Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari, «proposamen bat azaltzeko, haren bideragarritasuna elkarrekin aztertzeko eta enpresarekin negoziazio mahaira eraman aitzinetik, gobernuaren jarrera zein den ezagutzeko». Bilera irailaren 30ean egitekoa zen, «baina agentziak bertan behera utzi zuen, agenda arazoak argudiatuta, eta uko egin dio bertze data bat jartzeari».
Hori dela eta, ELAk Nafarroako Gobernuari exijitu dio «azpikontratatutako enpresaren, hau da, Hermanas Hospitalarias Fundazioaren alde jartzeari utz diezaiola eta bere erantzukizuna bere gain har dezala, Benito Menniko gatazka eraginkortasunez desblokeatzen laguntzeko».