Iduzkik, Erratzuko Energia Berriztagarrien Komunitateak, bere lehendabiziko batzar orokorra egin zuen joan den ortziralean. Bertan, aho batez aukeratu zuten Zuzendaritza Batzorde berria: lau emakumezkok eta lau gizonek osatzen dute, eta Ainhoa Almandoz da lehendakaria.
Elkarte berriaren estatutuak, barne arautegia eta genero berdintasun arautegia onartu zituzten batzarrean. Gainera, bertze aferen artean, Iduzkiko kideek Euskal Herrian sortzen ari den EHnergia kooperatiban sartzea deliberatu zuten. Batzarra akitzeko, eguzki plaka bidez autokontsumo kolektiboan parte hartzeko galdeketaren egutegia aurkeztua izan zen.
Proiektu horretan parte hartu nahi duen kideak, Zuzendaritza Batzordearen esku paratu behar ditu bere NAN txartelaren eta argindarraren faktura baten kopiak, edo iduzkierratzu@gmail.com helbiderat igorri. Horrez gain, urriaren 5etik 9rat kopiak Altxuko dendan uzteko aukera izanen da, eta urriaren 7an, asteazkena, herriko lixutegian irekiko den informazio gunerat eramaten ahalko dira 17:00etatik 19:00etara.