Elizondoko zuhaitz txorkoen mapaketa eginen du Baztango Talde Ekosozialak asteburuan

Ttipi-Ttapa

Behaketan parte hartu nahi duenak baztanekosoziala@protonmail.com helbidera idazten ahal du

Auzo, herri eta hirietako zuhaitzen mapaketa egiteko ekimena abiatu du Ecologistas en Accion taldeak, estatu mailan eskas diren zuhaitzak identifikatzeko. Talde, elkarte eta norbanako ugarik bat eginen dute egitasmoarekin urriaren 3an eta 4an, eta Baztango Talde Ekosozialak ere bertan parte hartuko du. Zehazki, zuhaitzen txorkoak behatuko dituzte, hau da, arbolak landatuak egoten diren espaloietako laukitxo horiek.

Hiru txorko mota desberdinduko dituzte: hutsik direnak edo gainazala dagoeneko tapatua dutenak; zuhaitzaren ondoak edo ihartutako zuhaitzak dutenak; eta txorko itogarriak (horien artean enborrak txorkoa osorik hartua dutenak, edo gainditu dutenak). Mapaketa horretarako espresuki sortu den plataforma digital batean eginen dute, behatutako txorkoa birtualki sartuta.

Zuhaitzen mapaketa iaz egin zen termometradaren segida da. Ekimen horretan auzo, herri eta hirietako tenperaturak neurtu ziren, itzala eta itzalik ez duten tokien arteko konparaketa eginez, klima aldaketaz eta hartara egokitzeaz ohartarazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun