Elizondoko Osasun Zentroko langileek eta Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak lantegia antolatu dute zaintzaileak diren pertsonendako. Osasun etxean izanen da, urriaren 6an, 8an, 13an eta 15ean, 17:00etatik 19:00etara.
Parte hartzaileek «baliabide eta trebetasun gehiago» garatzea da helburua, «bertzeak zaintzeko eta baita beren burua zaintzeko ere». Ikastaroa «mendekotasuna dute senitarteko edo hurbilekoak zaintzen dutenendako» dago zuzendua eta bertan elkartu eginen dira «esperientziak partekatzeko, ezagutzak handitzeko, hausnartzeko, ariketa fisikoak egiteko…».
Zehazki, lehenbiziko saioan bertzeak zaintzeari buruz arituko dira; bigarren saioan mendekotasun egoera eta zainduarekin harremanetan egotea; hirugarren saioan mendekotasun egoerara moldatzea; eta laugarrenean bertzeak eta norbera zaintzea. Hori dela eta «saio guzietara joatea» gomendatu dute, «batzuk bertzearen osagarri direlako». Ikastaroa gaztelaniaz izanen da.
Izen ematea
Tailerra debalde izanen da eta parte hartzeko izena eman beharko da. Horretarako eskuragarri dago hurrengo galdetegia eta Nafarroako Zainketa Eskolako telefono zenbakia: 848 423 450, astelehenetik ortziralera, 08:00etatik 15:00etara.