Noiz sortu zenuten Baztan-Bidasoko GKS?
Eskualdeko taldea 2019an abiatu genuen, Euskal Herrian jadanik garatzen ari ziren Mugimendu Sozialistarekin batera. Baztan, Bortziriak eta Malerrekako gazteak langileon interesen alde antolatzeko helburuarekin sortu genuen.
Nola ikusten duzue gazte mugimendu sozialista Baztan-Bidasoan?
Argi dago egungo krisi kapitalistak eskualdean ere eragiten duela. Orokorrean gazteon bizi baldintzak okertzen ari dira: emantzipatzeko ezintasuna, gero eta lan prekarioagoak, ideia matxista eta arrazisten normalizazioa… Honi, kultura eta aisialdi eredu geroz eta merkantilizatuagoa gehitzen zaio, horrek dakarren gizartearen indibidualizazio eta despolitizazio fenomenoekin batera. Dena den, dena ez da grisa, eta egoera honen jabe den gazte aunitz dagoela ere ikusten dugu. Horrek bidea irekitzen digu egiturazkoak diren problemen inguruko kezkak partekatzen dituen gazte sektore batengana ailegatzeko. Urtetik urtera gure tesien ulerkera zein gure presentziaren normalizazioa ere nabaritzen dugu.
Zer nolako ekimenak antolatzen dituzue?
Hainbat gauza antolatu izan ditugu: solasaldiak, formakuntza saioak, kultura eta aisialdia elkartzen dituzten egunak… Koiunturalak izan diren gertakizunetan mobilizazio zein kanpaina solidarioak ere bultzatu izan ditugu: palestinar erresistentziaren aldeko kontzentrazioak, Kubara igortzeko janari bilketak, errepresio zein atxiloketen kontrako mobilizazioak edo ekintza faxisten aurkako erantzunak, bertzeak bertze.
Gazte Topagune Sozialista eginen duzue urrian Elizondon. Zenbatgarren edizioa da?
Aurten Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioa izanen da. Aitzinetik Azpeitian (2019), Altsasun (2021), Durangon (2022), Atarrabia-Burlatan (2023) eta Altsasun bigarrenez (2024) antolatu izan dira. Edizio bakoitzak bere lekuko eta testuinguruak markatutako helburuak izan ditu, eta horrek, noski, edizio bakoitzak bere forma propioa hartu izana eragin du.
«Euskal Herriko gazteria elkartzea eta sozialismorako bidean antolatzea dugu helburu»
Zein da topagunearen helburua?
Helburu orokorra beti izan da Euskal Herriko gazteria elkartzea: GKS eta IASen tesi zein ikuspuntuen inguruan hausnartzeko espazio eta momentuak sortzea; eta gazteen artean antolakuntzarako beharra azpimarratu eta sozialismoaren aldeko bidean pausuak ematea. Beraz, aurtengo edizioa ere bide beretik planteatu da, eta momentuko beharrak asetzen dituen topagunea antolatzen saiatu gara. Hortaz, aurten ere bere berezitasun propioekin aurkeztuko da Elizondoko topagunea.
Zer izanen da bertan?
Egitarau zabala antolatu dugu. Aurten ere zentralitatea eman nahi izan zaio egungo auzien inguruko solasaldi, mahai inguru eta eztabaidei: sexu industria, estatuen autoritarismoa eta faxismoa, nazio auzia, krisi ekologikoa, gazte antolakunde sozialisten erronkak, artea eta sozialismoa… Bertzetik, kirol ikuskizunez, tailerrez eta kontzertuez gozatzeko aukera ere izanen dugu, bertzeak bertze.
Jende aunitz espero duzue?
Edizioz edizio jende gehiago hurbildu dela ikusi dugu, eta aurtengo edizioa ere bide beretik joatea espero da. Hortaz, Euskal Herri osotik milaka gazte bertaratuko gara Elizondorat. Sarrerei dagokionez, online eskuratzen ahal dira gks.eus webgunean. Bonu orokorra zein eguneko bonuak eskuratzeko aukera dago.
Nola antolatuko duzue espazioa egun horietan?
Erran bezala, aurtengo topaguneak berezitasun batzuk izanen ditu. Ez da gune zentralizatu soil bat egonen, eta hainbat gune egonen dira herrian zehar. Horrek, aurtengo edizioan ere, herritarrei topagunea hurbilagotik bizi ahal izateko aukera zabalduko die.
Lan handia du antolakuntzak?
Bai, dudarik gabe. Horrelako ekimenek hilabete aunitzetako lana dute gibelean, egitaraua osatzeko eta behar diren azpiegitura guziak kudeatzeko. Egia da lantalde arras on bat dagoela honen gibelean, ekimena aitzinera ateratzea posible egiten duena. Dena den, topagunean zehar ere lan aunitz egonen da egiteko. Horregatik, topagunearen parte izan nahi duen edonor animatzen dugu txandetan laguntza ematera.
Zer espero duzue aurtengo topagunetik?
Eskualdeak Mugimendu Sozialistaren inguruan gehiago jakin eta gure nondik norakoak ezagutzeko aukera ezin hobea izanen dela ikusten dugu. Hortaz, harreman berriak sortzeko eta garatzeko aukera ona ikusten dugu.
Zerbait gehitu nahi duzue?
Eskualdeko herritar oro animatu nahi dugu urriaren 9tik 12ra Elizondon izanen den Gazte Topagune Sozialistara hurbiltzera. Bertan, gure erronka eta auzi koiunturalen inguruan errateko duguna aditu, eta herrian zehar izanen diren ekimen eta ikuskizunez disfrutatzeko aukera izanen duzue. Bertan ikusiko dugu elkar!
