Urriaren 24an Kaxtrailen ibilbidea oinez egiteko izen ematea ireki dute

Ttipi-Ttapa

Ibilbideak 23 kilometro luze eta 1.100 metroko desnibela izanen du

Erratzuko herritar talde bat Kaxtrail mendi lasterketa antolatzen ari da urriaren 24an, Xabier Rekarte 'Kaxtel' erratzuarraren oroimenez, bere heriotzaren 10. urteurrenean. Lasterketaz gain, ibilbidea oinez eta giro lasaien egiteko aukera ere emanen dute, naturaz gozatzeko helburuarekin.

Horretarako izena emateko epea ireki dute, kronoak.com webguneanaren bitartez (oinezko martxa aukeratuz). 10 euroko ordaindu beharko dira eta 200 pertsonendako tokia izanen da. Itzuliak 23 kilometro inguru izanen ditu, 1.100 metroko desnibelarekin, eta tarte batean mendi lasterketarekin bat eginen du.

Mendi lasterketa

Proba banaka edo binaka egiten ahalko da, ibilbidea erdi eta erdi eginez. Izena ematea zabalik da kronoak.com webgunearen bitartez, urriaren 21era arte. Bakarka parte hartzeko 50 euro ordaindu beharko dira eta binakakoan 35 euro bakoitzak.

Ibilbidea hurrengoa izanen da: Erratzutik abiatu eta Azkaraten goiti Gorramendi igoko du, Gorramakil pasatu eta Alkaxuri ingururat joanen da. Beheiti eta goiti berriz, Astatetik (Iparlara inguruan) Izpegirat joanen da, ibilbide erdia osatzeko. Binakako proban, lehenbizikoak bertan akitu eta bigarrena abiatuko da: Olate igo eta Auzatik pasatuko da, Azpiltegiko oihanetik Burga mendia igo, jaitsi eta Soralar igoko du. Handik ibilbideak beherantz eginen du Erratzun akitzeko.

Gainera, egunean berean, musika, gastronomia eta ekitaldi kulturalak eskainiko dituzte Erratzun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun