EHEk «euskarari lehentasuna emanen dion ofizilatasuna» eskatu du Izpegin

Ttipi-Ttapa

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako euskaldun eta euskaltzaleak bildu ziren asteburuan mugan, «gure nazio, kultura eta hizkuntzaren aldeko aldarria egiteko. Aldarri hau kezka eta arduratik egiten dugu, larrialdi egoera betean gaudelako». Hori dela eta, abenduaren 15ean, Nafarroa Garaiko Vascuencearen legearen 40. urteurrenean, euskaldun guziak gonbidatu dituzte mobilizatzera, «lege zapaltzailea ozen salatzeko»

Agerraldian adierazi zutenez, «larrialdi egoera honi aurre egiteko ezinbertzekoa da oroitzea nola heldu garen egoera honetara. Frantzia eta Espainiako estatu kolonial eta inperialistak sortu zirenetik Euskal Herriaren desagerpena izan dute helburu. Ezin ditugu atzendu gure historian herri hau desagerrarazteko gupidarik gabe erabili dituzten prozesu suntsitzaileak. Inkisizioa, Frantziako Iraultza, Espainiako diktadura frankista, eta gaur egun, inposizioan eta zapalkuntzan oinarritutako demokrazia faltsuak dira horren adibide batzuk. Prozesu hauek guziek beti izan dituzte euskara eta euskaldunak jomugan. Estatu zapaltzaileek argi dutelako herri bat menperatzeko beharrezkoa dela herri horren hizkuntza desagerraraztea. Hizkuntza, komunikazio tresna hutsa baino gehiago, herri honek lurrarekin, kulturarekin eta bere mundu ikuskerarekin duen lotura zuzena baita».

Hori dela eta, «guk ere argi dugu herri honek bizirik irauteko, euskara behar duela eta euskaldun ahaldundu eta aktiboak ere behar dituela. Horregatik, Nafarroa Garaia eta Beherea bereizteko inposatu diguten muga honetatik abiatutako deialdi hau euskal lurralde guztietara zabaltzen dugu. Izan ere, egoera hau ez da Nafarroan bakarrik gertatzen. Bertzeak bertze, Euskal Herriko karriketan, batez bertze, zortzi lagunetatik bakarrak euskaraz hitz egiten du, belaunaldi berrien parte batek soilik jasotzen du euskara etxean edo eskolan, eta, euskararen arnasguneak arriskuan daude. Gure hizkuntza galzorian dago».

Gehitu zutenez, «Atharratzen, Bilbon, Tafallan nahiz Guardian; hezkuntzan, osasungintzan, epaitegietan, lantegietan... euskaldunak modu sistematikoan baztertzen gaituzte gure herrian bertan. Euskaldunen kontrako zapalkuntza egiturazkoa da eta euskaldunak asimilaziora eramaten gaituen egoera betean gaude. Egoera honi buelta emateko, mendez mende egin dugun bezala, ezinbertzekoa da herri gisa antolatzea eta erresistentzian herri boterea aktibatzea».

Vascuencearen legea

Abenduaren 15ean 40 urte beteko dira Nafarroa Garaiko Vascuencearen Foru Legea onartu zenetik. Lege «zapaltzailea» dela salatu zuten; «estatu kolonial eta inperialistek zatitutako Nafarroa gehiago zatitzeko eta euskaldunak bigarren mailako herritar bezala tratatzeko erabiltzen da oraindik, bizi garen herriaren arabera, gure hizkuntza eskubideen aitortzan mailaketa bat eginez. Urteurren hau baliatu nahi dugu eskubidez dagokiguna aldarrikatzeko, konponketa historikoa zor digutenak interpelatzeko eta inori baimenik eskatu gabe, euskaldun guztion eskubideen aitortza eskuratzeko. Nafarroa Garairako eskatzen duguna, Nafarroa osorako eta Euskal Herri osorako eskatzen dugu».

Beraz, «Euskal Herrian Euskarazek 2026ko abenduaren 15ean Euskal Herri osoko euskaldun eta euskaltzale guztiak mobilizazioak antolatzera gonbidatzen zaituztegu. Aurre egin diezaiegun euskaldunon kontrako lege zanpatzaileei. Ozen sala dezagun, frantses eta espainiar agintariek, jatorrizko hizkuntza euskara den lurraldean frantsesez eta espainolez bizitzeko berme guztiak ematen dituzten bitartean, euskaldunoi euskaraz bizi ahal izateko eskubidea ukatzen digutela. Horrela, erdaretan bizitzera bultzatzen dute, horietan bizi nahi dutenei pribilegioa emanez. Erran diezaiegun ozen Nafarroa Garaiko agintariei aski dela! 40 urte beteko dituen Vascuencearen lege zapaltzailea behin betiko bertan behera uzteko garaia dela eta euskarak lehentasunezko estatus ofiziala behar duela! Zor digutelako eta badagokigulako. Gure historia ez dezaten erdaraz idatz. Euskaldun guztien eskubideen aitortza eskuratzera goaz!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun