Bestak 2026

[ARGAZKIAK] «Herri beraren parte garela» aldarrikatuz ederki joan dira Izpegiko bestak

Ttipi-Ttapa

Motorrak berotzen hasteko, ortziralean bertso saio musikatu egin zuten Bereko bentan. Larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua izan zuten eta antolatzaileen erranetan «arras ongi joan zen dena. Gogoz gaude heldu den urtean segitzeko».

Argazkiak eta testua: Aintzane Ariztegi

Potx Magoarekin hasi genuen goiza eta haur eta guraso andana hurbildu ziren. Ordu horretan ere hasi ziren Juan Angel Perotxena eta Garaxi Inziarte mural bana pintatzen eta horretan pasatu zuten egun osoa. Ondotik Erratzu eta Baigorri aldetik abiatu ziren txirrindulariak ailegatu ziren eta kaskoan argazkia atera zuten elkarrekin. Argazkia aterata, Baigorriko Arrola dantza taldeak emanaldi ederra eskaini zuen. Gainera, Baigorriko eta Erratzuko gaitariak goiza alaitzen aritu ziren, bentaz benta eta karpa inguruan.

Bazkaltzeko 120 lagundik goiti bildu ginen, giro onean eta musikaz girotuak. Hitzartzean, «Izpegin batu gaituen hori herri beraren parte garela erakusteko gogoa dela» nabarmendu genuen. Arratsaldean triki poteoan ibili ginen bentaz benta; dantzan, kantuan eta jostatzen. Ilunabarrean karpa aldera bildu ginen eta Tukukarrakak batukada taldeak indarrez betetako emanaldia egin zuen. Baigorriko ikastolaren eskutik egindako bokatak izan genituen indarra hartzeko eta kontzertuak hasi ziren: Odeik kristoren kontzertu ona eman zuen, Skaregekasko taldeak karpa osoa dantzan jarri zuen eta akitzeko DJ Üzkülüz, urtero etorri izan dena, eta jendea mantsora arte gelditu zen.

Jende dezente bildu zen egun osoan eta antolatzaileok balorazio arras positiboa egiten dugu. Gogoz gaude heldu den urtean ere segitzeko, oraindik beharrezkoa ikusten baitugu horrelako espazioak antolatzea Izpegin, hain hurbil baina hain urrun bizi garen bi bailaretako jendea elkartzeko eta harremanak indartuz mugak lehertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun