Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak Euskal Herriko Ardi Moztaileen II. Txapelketa antolatu zuen larunbatean Elizondoko Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan. Elkarteak ekitaldiaren balorazio «arras positiboa» egin du; «iaz Abadiñon ikusi genuen txapelketak bazuela ibilbidea, eta Elizondon baieztatu egin dugu. Jendeak erantzun egin du, moztaileek maila handia erakutsi dute, bai gureek eta baita nazioartekoek ere; giroa bikaina izan da. Hunkituta eta beteta sentitzen gara».
Emaitzak
80 moztailek eta zortzi selekziok parte hartu zuten lehian: Euskal Herria, Eskozia, Irlanda, Gales, Ingalaterra, Alemania, Frantzia eta Espainia. Guztira 1.000 Latxa eta Rasa ardiri moztu zieten ilea, goizean hasi zituzten lehen kanporaketak eta arratsaldean izan ziren finalak. Antolatzaileek lehiaketaren «maila handia» azpimarratu dute eta hauek dira irabazleak kategoria bakoitzean:
- EHko txapelduna aizturrez
- 1. Josu Ekisoain (Ibiriku)
- 2. Joseba Ugalde (Lezama)
- 3. Ipar Arrinda (Lekeitio)
- 4. Xabi Harluxet (Ahaxe)
- EHko txapelduna makinaz
- 1. Joseba Ugalde (Lezama)
- 2. Mikel Etxebarria (Dima)
- 3. Ipar Arrinda (Lekeitio)
- 4. Romain Jonquet (Aiherra)
- Nazioarteko lehia
- 1. Gales
- 2. Euskal Herria
- 3. Espainia
- 4. Frantzia
- 5. Eskozia
- 6. Irlanda
- 7. Ingalaterra
- 8. Alemania
- Open kategoria aizturrez
- 1. William Craig (Eskozia)
- 2. Ipar Arrinda (Euskal Herria)
- 3. Joseba Ugalde (Euskal Herria)
- 4. Clive Hamer (Gales)
- Open kategoria makinaz
- 1. Llyr Evans (Gales)
- 2. Pierre Grancher (Frantzia)
- 3. Gwydion Davies (Gales)
- 4. Mikel Etxebarria (Euskal Herria)
- Senior kategoria
- 1. Duncan Adams (Eskozia)
- 2. Lucie Grancher (Frantzia)
- 3. Paddy Dunne (Irlanda)
- 4. Mikel Galvez (Euskal Herria)
Lehiaketak jendetza ekarri zuen Elizondorat eta egun osoko egitaraua izan zuen frontoiaren barnean zein kanpoaldean: eskulangileen azoka, bazkaria, jateko eta edateko postuak, dantzak… Joan den urtean lehenbiziko aldiz antolatu zuten txapelketa Euskal Herri mailan Abadiñon, «eta bide horretan aitzinera egiteko gai garela ikusi dugu Elizondon. Gure asmoa da txapelketa Euskal Herriko txoko guzietara eramatea eta urtez urte hazten segitzea».
Euskal Herriko selekzioa
Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioak aitorpen ofiziala lortu zuen 2023an, Zeelanda Berrian egoitza duen The Golden Shears World Council (GSWC) ardi moztaileen munduko erakundearen eskutik. 2026an munduko txapelketan parte hartu dute lehenbiziko aldiz Euskal Herria ordezkatzen. Ordezkaritza horren segida bermatzeko, GSWCk ezartzen du nazioek urtean guttienez txapelketa nazional bat antolatu behar dutela, beren lurraldean diziplinaren presentzia egiaztatzen duten bertze ekitaldi batzuez gain.
«Ardi moztea kirol modura sustatzeko, Euskal Herriko moztaileen trebetasuna bertze herrialdeetakoen parean jartzeko eta Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen arteko batasuna indartzeko», Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak txapelketa hau urtero lurralde batean egitea erabaki du.