'Beroa dago… eta gu gara!!' antzerkia aurkeztuko dute asteazkenean Elizondon

Ttipi-Ttapa

'Trantsizioan zainduz' zikloaren barnean, Zirika Zirkus konpainiak Beroa dago… eta gu gara!! antzezlana taularatuko du irailaren 23an 19:00etan Arizkunenean. Menopausiari umorez eta ikuspegi feministatik helduko diote clown, dantza eta akrobaziak uztartuz eta estereotipoak zalantzan jartzera gonbidatuz.

'Trantsizioan zainduz'

Baztango Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak 'Trantsizioan zainduz: ongizate integrala klimaterioan eta menopausian' zikloa antolatu du udazkenean. Helburua «emakumeei informazioa, tresnak eta topaguneak eskaintzea» da, «klimaterioa eta menopausia ongizate handiagoaz bizitzeko eta oraindik ere estereotipoz eta isiltasunez inguratuta dagoen bizi etapa honi ikusgarritasuna emateko».

Antzerkiaz gain, bi ekimen gehiago antolatu dituzte. Batetik, 'Menopausia ulertu eta zaindu' tailerra emanen du CASSYR taldeak Elizondoko Osasun Etxean, urriaren 7an eta 14an, 16:00etan. Menopausia eta klimaterioa hobeki ulertzeko azalpenak emanen dituzte. Bertzeak bertze, aldaketa fisiologikoak, elikadura, hezurren osasuna eta ongizatea zaintzeko oinarrizko tresnak landuko dituzte.

Bertzetik, entrenamendu saioak eginen dituzte urrian eta azaroan, 'Klimaterioan eta menopausian ere, mugitu eta indartu! Gorputza zaintzen ikasi' izenpean. Ariketa fisikoko praktikoak izanen dira, urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 5ean eta 12an, Bidaide fisioterapia zentroko Bego Vielaren eskutik.

Entrenamenduen ikastaroko izen emateak beteak daude dagoeneko, baina osasun etxeko tailerrean izena eman daiteke, Berdintasun Zerbitzuan (613 00 36 34 edo berdintasuna@baztan.eus) edota Gizarte Zerbitzuan (689 03 50 78 edo gizartehezitzailea2@baztan.eus). Parte hartzea doakoa izanen da.

Herritarrei zuzendutako jarduerez gain, Giltxaurdiko monitoreendako prestakuntza berezia ere antolatu dute, Bego Vielarekin. Saio horiekin, «monitoreek klimaterioari eta menopausiari buruzko ezagutzak zabalduko dituzte, eta emakumeen beharretara egokitutako kirol jarduna garatzeko tresnak eskuratuko dituzte. Horrela, ikuspegi hori pixkanaka udal kirol eskaintzan txertatzen joanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun