Baztango dantzen gaurko testuinguru sozialaz mintzatu dira Iruritan

Ttipi-Ttapa

Jende andana hurbildu zen mahai ingurura Gizarte Bilgunean. Irudia: Plazara Dantzara.

Isabel Jaurena kazetariak gidatuak, dantzen parte hartzeaz, transmisioaz, garrantziaz eta erronkez aritu ziren atzo arratsaldean Kattalin Ezkerra (Plazara Dantzara eta Baztandarrak Dantza Taldeko kidea), Kristobal Zelaieta (Irurita eta Donezteben dantza irakaslea eta dantzaria), Nahia Baylon (Iruritako dantzaria eta Musika Eskolako irakaslea) eta Txomin Petrikorena (mutil dantzaria). Hitzordua antolatu zuen Plazara Dantzara taldeak kronika batean bildu du solastatutakoa:

Solasaldiaren hasmentan bakoitzak dantzarekin izan duen eta gaur egun duen loturaren berri eman zuen eta hor ikusi zen dantzetara leku desberdinetatik hurbiltzen dela jendea eta horrek sortzen duen aberastasuna: eskolan ikasiak, herrian, plazan edo borroka feminista batek bultzatua.

Horren ondotik, zehatzago, mutil dantzekin izan duten harremanaz galdetu zien moderatzaileak eta hor ere hainbat bidetatik ailegatu zirela erakutsi zuten. Kattalin Ezkerra «emakume eta gorputz disidenteak egiten ari ziren borrokaren momentutik» hurbildu zen Baztango Jauzietara eta zehaztu zuen beretako «komunitatea sendotzeko, kideak egiteko eta hausnartzeko baliogarria» izan duela Plazara Dantzaran eta Jo ala Jon egin duen ibilbidean. Bere kezka da «gaur egun boikot antolatua dagoela mutil dantzen kontra, desprestigiatzeko nahiarekin eta horrek kalte bertzerik ez diela egiten gure ondasuna diren Baztango dantzei, mutil dantzei bezala, irri dantzei eta sagar dantzei ere: dantzariak plazak utzi dituzte eta dantzatzen den momentuetan desagertzen dira, zenbait herri bestetako programatik kendu dituzte eta dantzagarriak antolatzean logika guzien kontra, ez dituzte Baztango dantza hauek dantzatzen».

Txomin Petrikorenak, berriz, azpimarratu zuen «gizon bezala mutil dantzak dantzatzea posizionatzea dela». Gizarte matxista honetan, «emakumeekin dantzatzen duen gizona erasotua izateko posizioan jartzen da, hau da, ez dagokion lekuan». «Aunitz» eztabaidatu behar izan du bere inguruan, «nahiz eta argumentuek indarra galdu duten azken urteetan».

Kristobal Zelaietak berriz «mutil dantzaren bat ikasi zuela» dio, baina «guti dantzatu izan duela Baztango Dantza Taldearen parte zelarik. Bat-batean beren errepertoriotik desagertu ziren tabu bihurtuz». Orain, gibelerat begira, ohartu da «hainbat arrazoiengatik ez zuela ez alde eta ez kontra egin», baina «Baztango dantzen garrantziaz» ohartu da eta «pausoak emanen ditu» dantza taldeetan Baztango dantzak ikas daitezen.

Nahia Baylonek akitu zuen txanda, belaunaldi berrien ikuspuntua mahai gainean paratuz: «bertze batzuen borrokari esker momentu lasaia bizi duela» dio, eta «plazan lasai ikasi dituela mutil dantzak, modu natural batean». Bere ustez, «indartu beharko litzateke hala ikastea, lotsak eta presio soziala desagertzeko bidean» paratuz.

Etorkizunera begira denek bat egiten zuten «ondarea babesteko beharrarekin» eta «babesteko modu eraginkorrena dantzatzea dela». Horretarako «eskoletako curriculumean sartuz, erakusleak formatuz eta erakundeak inplikatuz, dantzak zaintzeko politikak martxan jartzeko konpromisoarekin. Eskola, etxeak eta herria, komunitate osoaren ardura da».

Dantzatzen duen herria zikloaren barnean antolatu dute lehenbiziko hitzordua, eta ondoko mahai-inguruan Euskal Herriko hiru esperientzia desberdin kontatuko dituzte, Isabel Jaurenak gidatuak: Ihitz Iriart Alozetik, Maite Iribar Oñatitik eta Oier Araolaza Eibartik. Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean izanen da, urriaren 8an 19:00etan.

Isabel Jaurena, Kattalin Ezkerra, Txomin Petrikorena, Kristobal Zelaieta eta Nahia Baylon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun