Saharaztanek Elizondoko ferietako tonbola solidariorako bilketa deialdia egin du

Ttipi-Ttapa

Urriaren 13ra arte jar daiteke harremanetan elkartearekin ekarpenak egiteko.

Urriaren 30ean eta 31n izanen dira Elizondoko feriak eta Saharaztan elkarteak tonbola solidarioa paratuko du bertze urte batez. Tonbolaren helburua «elkartearen alor ekonomikoa osatzea eta saharar errealitateari ikusgarritasuna ematea» da. Zenbait opari lortzeko aukera izanen da bertan: liburuak, erosketa bonuak eta deskontuak, jatekoak, artisau lanak, bazkidetzak, sarrerak… «Baina opari horiek banatu ahal izateko, hurbileko, eskualdeko eta inguruko lantegiei, komertzioei, artisauei, elkarteei… borondate eskaera luzatzen ari gara».

Dohaintza egin nahi duenak saharaztan@hotmail.com helbidera idazten ahal du edo elkarteko kideren batekin harremanetan jarri, urriaren 13ra arte. Ondotik, bilketa eta antolaketa lanak hasiko dituzte. Horrez gain, Doneztebeko ferietan ere postua paratuko dute, «nahi duenak hurbildu, erosi eta elkarteari laguntzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun