2024ko abenduan abiatu zen lan gatazka Elizondoko Benito Mennin, enpresak hiru eraikinetako bat hetsi eta hainbat langile kaleratu zituelarik. Geroztik, «lan baldintzak hobetzeko eta erabiltzaileei kalitatezko arreta eskaintzeko helburuarekin» protestak hasi zituzten, eta hainbat grebaldiren bitartez, 300 greba egunera ailegatu ziren irailaren 14an.
Egoerak berdin segitzen duela ikusirik, langileek ELA sindikatuaren egoitzan agerraldia egin dute bertze behin. Azaldu dutenez, ospitalea «Nafarroako Gobernuaren funtsekin finantzatutako zerbitzu publiko itundua» da. Hori dela eta, 2025ean ELA hiru aldiz bildu zen gobernuarekin, «egoeraren berri emateko eta gatazka honetan duen erantzukizunaz zuzenean interpelatzeko».
Hala ere, «Nafarroako Gobernua ez da erantzukizuna bere gain hartzen ari eta ez du gatazka konpontzeko neurri eraginkorrik hartu. 2026ko otsailean Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari eskatu zion osasun mentalaren sektorearen ezaugarri bereziak kontuan har zitzala eta bai zerbitzuaren kalitatea bai lan baldintzak hobetzeko beharrezko baliabideak jar zitzala. Hala ere, administrazioarekin egindako azken bileraren ondotik, langileek oraindik ez dute erantzun zehatzik hartu».
Bertzetik, «enpresak ez die erantzunik eman langileen oinarrizko aldarrikapenei, eta gatazka gainditzeko nahikoak ez diren proposamenak mantentzen ditu. Langileek hitzarmena eskatzen dute, guttienez 22.400 euroko urteko soldata gordina bermatuko duena, lanaldia murriztea eta lan baldintza egokiak bilduko dituena, lan kargek eta langile ratioek arreta duina eskaintzeko aukera eman dezaten. Greban 300 egun eman ondoren, zuzendaritzak bere erantzukizuna bere gain hartu eta akordioa lortzeko egiazko aurrerapausoak ekarriko dituzten proposamenak egin behar ditu».
Izan ere, 300 egunek «agerian utzi dute gatazka lan aldarrikapen hutsetik harago doala. Funtsezko zerbitzuen eta zaintzaren kudeaketa eredua dago jokoan: ez da nahikoa zerbitzu bat diru publikoarekin finantzatzea, beharrezko baliabideak, lan baldintza duinak eta kalitatezko arreta bermatzen ez badira». Gainera, «agerian utzi dute sektore feminizatu bateko langileek dituzten zailtasunak; izan ere, prekarietatea eta soldata arrakala errealitatea izaten segitzen dute».
Hori dela eta, «langileek greban eta mobilizazioekin segitzeko konpromisoari eusten diote, egiazko aurrerapausoak lortu eta helburuak bete arte».