Klimaterio eta menopausiari buruzko 'Trantsizioan zainduz' zikloa abiatuko dute Elizondon

Ttipi-Ttapa

Irailaren 23an izanen da zikloaren lehenbiziko hitzordua, Zirika Zirkus konpainiak Beroa dago… eta gu gara!! antzerkia aurkeztuko du 19:00etan Arizkunenean

Baztango Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak 'Trantsizioan zainduz: ongizate integrala klimaterioan eta menopausian' zikloa antolatu du irailean eta urrian. Helburua «emakumeei informazioa, tresnak eta topaguneak eskaintzea» da, «klimaterioa eta menopausia ongizate handiagoaz bizitzeko eta oraindik ere estereotipoz eta isiltasunez inguratuta dagoen bizi etapa honi ikusgarritasuna emateko».

Umorezko ikuskizuna

Irailaren 23an Zirika Zirkus konpainiak Beroa dago… eta gu gara!! antzezlana taularatuko du Arizkunenean 19:00etan. Menopausiari umorez eta ikuspegi feministatik helduko diote clown, dantza eta akrobaziak uztartuz eta estereotipoak zalantzan jartzera gonbidatuz.

Ongizaterako ikastaroa

Urrian 'Menopausia ulertu eta zaindu' tailerra emanen dute Elizondoko Osasun Etxean, CASSYR taldearen eskutik. Hilaren 7an eta 14an bilduko dira, 16:00etan, eta menopausia eta klimaterioa hobeki ulertzeko azalpenak emanen dituzte. Bertzeak bertze, aldaketa fisiologikoak, elikadura, hezurren osasuna eta ongizatea zaintzeko oinarrizko tresnak landuko dituzte.

Ariketa fisikoen tailerra

Azkenik, entrenamendu saioak eginen dituzte urrian eta azaroan, 'Klimaterioan eta menopausian ere, mugitu eta indartu! Gorputza zaintzen ikasi' izenpean. Ariketa fisikoko lau saio praktiko izanen dira, urriaren 22an eta 29an eta azaroaren 5ean eta 12an, 19:00etan Arizkunenean. Bidaide fisioterapia zentroko Bego Vielak gidatuko du tailerra eta mugikortasuna, indarra, luzaketak eta zoru pelbikoa landuko dute, gorputzaren beharretara egokitua eta ongizatea sustatzeko helburuarekin.

Bi tailerretan izena eman beharko da, Berdintasun Zerbitzuan (613 00 36 34 edo berdintasuna@baztan.eus) edota Gizarte Zerbitzuan (689 03 50 78 edo gizartehezitzailea2@baztan.eus). Parte hartzea doakoa izanen da.

Herritarrei zuzendutako jarduerez gain, Giltxaurdiko monitoreendako prestakuntza berezia ere antolatu dute, Bego Vielaren eskutik. Saio horiekin, «monitoreek klimaterioari eta menopausiari buruzko ezagutzak zabalduko dituzte, eta emakumeen beharretara egokitutako kirol jarduna garatzeko tresnak eskuratuko dituzte. Horrela, ikuspegi hori pixkanaka udal kirol eskaintzan txertatzen joanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun