Elbeteko Herriak eta Gorka Goñiren familiak, Baztango Udalaren eta Txarutaren laguntzarekin, Zurekin Bat ekitaldi solidarioa antolatu dute irailaren 26an, «Gorkari omenaldi bat egiteko eta familiari lagundu diozuen guztiei eskerrak emateko».
Arratsalde osoko egitaraua prestatu dute. 16:30ean bi pilota partida izanen dira Elizondoko Juanjo Atxa Mindegia pilotalekuan: alde batetik Ados pilotako Oskoz eta R. Larramendi, Iturriaga eta Orbegozoren kontra arituko dira. Bertzetik, Aspen jokatutako Mikel Goñi eta Barriola, Titin III. eta Merino I.ren kontra arituko dira. Gainera, spikerra, musika, ostatua eta joaldunak izanen dira.
Pilotaren ondotik kalejira eginen dute Tukutuku txarangarekin Elbeteko plazaraino, eta 18:30etik aitzinera kontzertuak izanen dira bertan: Joana eta Olaia, Bisaiak eta Olaia Inziarte izanen dira oholtzaren gainean. Afaltzeko bokatak izanen dira, eta gaualdia girotzeko DJ Ventura eta DJ J&J.
Pilotako sarrerak salgai egonen dira asteazkenetik aitzinera Intza eta Casino ostatuetan, gainera, egunean frontoian eskuratzen ahalko dira 16:00etatik aitzinera. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek debalde izanen dute.