Irailaren 17an, 19:00etan, Baztango dantzen egungo testuinguru soziala aztertzen arituko dira, Iruritako Gizarte Bilgunean, Nahia Baylon, Kristobal Zelaieta, Kattalin Ezkerra eta Txomin Petrikorena hizlariak. Parte hartzeari, transmisioari, gure gizartean duten garrantziari eta gaur egungo erronken inguruan mintzatuko dira. Beraiekin Isabel Jaurena arituko da saioa moderatzen.
Horrez gain, urriaren 8an, 19:00etan, Elizondoko Arizkunenean Dantzak eta generoa Euskal Herriko plazetan mahai ingurua eginen da. Ihintz Iriart aloztarra, Maite Irizar oñatiarra eta Oier Araolaza eibartarra ariko dira generoaren ikuspegitik ematen diren errealitate, erronka eta aldaketak bertan lantzen eta berriz ere Isabel Jaurena izanen dute moderatzaile moduan.